Jertse gorriarekin jantzita, gurpil-gurditxoari kateaturik ageri da argazkian amona, amama xaharra, laurogeita hamar urte betetzeko bezperatan. Aho-sudurrak babesteko, erresidentziako zaindariek jarritako musuzapia darama.
Etxekorik ezin izan du ikusi azken berrogeita bost egunotan. Ezta lagun ez zahar ezta berririk ere. Bahiturik bizi da eskafandraz jantzitako zaintzaile profesionalen artean. Osasun-arrazoiak aipatu dira amatxi bakartzeko... Noraino heltzen da, baina, osasuna kudeatzeko aginpidea?
Kontainer opako eta beldurgarri bihurtu dira zaharrentzako hainbat egoitza eta zerbitzu. Drama lehertu arte, ezer ez da izan kontuan hartzeko beste.
Eztabaidak ate joka beharko luke: Zelan zahartu nahi dugu? Nola kudeatu behar ditugu urte horiek? Zein toki dagokio zaharrari berari bere zahartzaroan? Zer da duintasunez zahartzea? Ba ote da, ba ote da duintasunez zahartzerik?
Onartuta bizitzaren arratsa dela zahartzaroa, egunaren parte da halere.