Estigmatizazioa

Erabiltzailearen aurpegia Josi Basterretxea 2017ko eka. 14a, 12:49

Praka beltz eta jaka gorriarekin erretratatu dute, kartzelatik ateratzen ari zela. Saiatu da bere aurpegia estaltzen, baina argazkia lapurtu diote. Lapurtu. Eta egunkariaren lehen orrian iltzatu dute. Idoia Lopez Riaño ETAko kide ohiari buruz ari naiz. Eta, Bilboko El Correo egunkariari buruz.

Non hasten eta amaitzen da baten intimitate-eskubidea eta besteen informazio-eskubidea? Eskubide bi horiek ez dute kudeaketa erraza, jakina. Kasu honetan, honetan, preso ohia kartzelatik atera dela jakinarazteko, beharrezkoa ote zen haren borondatearen kontrako argazkia?

Ematen du ezetz. Zergatik egin da, ordea? Arrazoi bat baino gehiago izango da, baina, bada bat besteen gainetik, eta da pertsonaia estigmatizatzea. Alegia, markatzea burdina goriz, betirako.
Bizitza bat atzean utzi nahi batek, baina besteek barkatzen ez. “Hura zinan, eta, esanak esan, hura zara”, horixe leporatu gura diote. Txekorra edo moxala burdinarekin markatzen den bezala, markatzen dute kazetari batzuen artikuluek eta argazkiek inoren bizitza: lehengoa eta oraingoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!