Ariketa fotografiko bat egingo dugu, hasteko. Hurbil-hurbiletik erretratatzen ditu kamerak begi batzuk: begi handi-handi batzuk, zuri-beltzak. Kamerak atzera egin, eta plano zabalago bat erakusten du: arestiko begiak eta sudur txiki-txiki bat, zikin-zikina. Atzerago doa kamera, eta negarrak matrailean behera utzitako arrastoak erakusten ditu. Atzerago, eta atzerago, eta atzerago... eta mutiko mukitsu bat ikusten dugu, behearen gainean eserita, biluzik, negarrez, plastikozko plater bat eskuan duela... hutsik, platera...
Bukatu da ariketa fotografikoa. Hartu arkatza orain, hona hiru datu, eta ariketa matematikoa egingo dugu.
Datu bat: munduan, honetan, bostehun milioi ume bizi dira emergentzia-egoeran: gerrak direla, migrazioak direla, gose eta lehorteak direla, tratu txarrak direla, bahiketa eta salerosketak direla... Bostehun milioi ume.
Beste datu bat: Unicefek, haurtzaroa babesteko Nazio Batuek sortutako erakundeak, hiru mila eta hirurehun milioi dolar eskatu ditu egoera larrian dauden umeak laguntzeko. Hiru mila eta hirurehun milioi dolar, Unicefek eskatu.
Hirugarren datua: diru horiekin, egoera larrian dauden lau umetatik bat laguntzeko moduan izango da Unicef. Lautik, bat.
Besterik ez.