Hamabi egunkariren azalak ikusi ditut gaur goizean kioskoan. Era batera ez bada bestera, Mosulgo bataila dago presente gehienetan; denetan ez, baina, gehienetan argazkiarekin.
Argazkiotan ikusi, ikusten dira soldaduak beren armekin eta zibilak beren ondasun-puskekin. Batzuk, Mosul helburu. Besteek, hura ez beste edozein toki.
Zer pentsatua eman dit argazkietako batek. Bertan, gazte bat ikusi dut. Lau bat behor, dozena bat ardi, eta sei bat behi gobernatu nahi ditu, abere horiek ihesari ez emateko. Berdez jantzita dago. Leku idorrean daude. Argazkiaren atzealde osoa da hauts harrotua, hauts-lainoa, ez da ikusten atzean zer dagoen, deus ere.
Eta horixe da kontua, ez dela ezer ikusten egunkarien azaletako argazkien ondoetan, muinetan. Egon, ez dago balek hildakorik argazkietan, ez dago ezpatek zauriturik, ez dago zakilek bortxaturik... Egon, ez dago gerrarik irudietan, eta gerrari buruz hitz egiten dute testuetan. Bakea erakusten digute, basakeriaz hitz egiteko. Gerra ez da desfile militar bat. Kea erakusten digute, baina surik ez.