Parisko egunkari baten azal oso-osoa betetzen du argazkiak. Ortzi ilun baten mendean, eguzki-errainu batek argiztatzen du petrolioa gordetzeko kupela erraldoi bat. Haren ondoan, beste dozena-erdi bat. Eta haien artean, armaturiko patruila bat, altxorra jagoten, zaintzen. Lerro-buruak honetara dio: Estatu islamiarra, jihadaren milioiak.
Parisko sarraskiaren osteko aste honetan polizia eta militarrak izan dira protagonista egunkarietan. Sarraskia prestatu omen duten jihadisten aurpegiak eta ipurmasailak erakutsi dizkigute egun batean bai eta hurrengoan ere bai. Politikariak, mandatariak eta estatu-buruak ez dira falta izan. Jende izutia kalean, hor nonbait.
Baina, delako gerra honetan aurpegi batzuk falta dira. Jakina da dirua behar dela gerra egiteko. Dirua behar zuen jauntxoak Erdi Aroan bere zaldia armatzeko. Dirua, Napoleonek Errusia inbaditzeko. Dirua, Frankok Espainiako Errepublika mendean hartzeko. Dirua, jihadistek.
Eta, non dira jihadisten petrolioa erosten duten erregai-konpainietako buruen aurpegiak? Non dira haien arte-lanekin trafikatzen duten merkatarien aurpegiak? Non dira jihadistekin tratuan dabiltzan bankarien aurpegiak? Zuriak eta kristauak izango dira deskuiduan.
Isilpeko argazki horiek falta zaizkigu, puzzlea osatzeko.