Oso txiki nintzela aitak Sadarrera eramaten ninduen, Osasunaren partidetan lo egitera. Gaztetan lagunekin joaten nintzen, badakizue, lololololoka aritzera. Eta geroago, Euskalerria Irratiaren emankizunei esker, Osasunaren etxeko partida guztiak irensten nituen.
Alegia, nire bizitzaren zati handi-handi batean Osasuna futbol taldearen zale amorratua izan naizela. Baina, halako batean, zaletasun hori bertan behera utzi nuen eta, batere traumarik gabe, Osasunaren partidak ikusteari utzi nion.
Eta hau guztia kontatu dizuet errateko aurrekoan Osasunak Celtaren aurka jokatu zuen partida ikusi nuela, neu ere haserretu nintzela Abderi baliogabetu zioten golagatik, baina, era berean, pixka bat flipatu nuela gogoratzerakoan futbolaren inguruan zenbat diru, baliabide eta ahalegin sozial inbertitzen diren.
Eta orain, zuetako askok asmatuko zenuten bezalaxe, aldarrikapen demagogikoaren txanda dator: Zer nolako gizartea genuke Osasunaren alde egiten duguna osasunaren alde eginen bagenu?, osasungintzaren alde eginen bagenu? Batek daki; baina, oraingoz, gogoan izan osasungintza publiko eta kalitatezkoaren aldeko hurrengo bi partidak martxoaren 15ean eta 18an direla. Aupa osasuna!