Interneten hamar segundoz buzeatuz gero, berehala aurkituko duzu Sokratesi eta Platoni egozten zaien esaldi bana, Grezia klasikoko gazteez sekulakoak eta bi erraten dituztenak. Ez omen dira filosofo horiek benetan botatako esaldiak. Baina, berdin dio, denok argi dugu belaunaldi guzien eskubidea dela hurrengo belaunaldiez gaizki esaka aritzea.
Badirudi egungo mobilizazioak, politikoak zein sozialak, ez direla garai batekoak, ez bederen jende kopuruaren aldetik. Eta, noski, horren errua gazteei leporatzen zaie, denok jakin baitakigu gazteak izan behar direla herri mugimenduen abangoardia.
Hasteko, benetan aztertu beharko litzateke ea egungo mobilizazioak ez diren garai batean bezain jendetsuak. Baina, hori onartuta ere, ziurrenera dozenaka faktore egonen dira hori esplikatzeko. Neuk bat ekarriko dut hona:
Nafarroa Garaiko populazio piramideak teilatu bakarreko pagoda txiki baten itxura du. Teilatuaren oinarrian ‒beraz, tokirik zabalenean‒, 45 eta 49 urte artekoak gaude; ia 55.000 pertsona gara. 20 urte beherago, baina, 34.000 pertsona pasatxo daude. Hau da, 20.000 pertsona gutxiago.
Alegia, garai batean baino askoz ere gazte gutxiago dago orain abangoardia lanak egiteko. Hori baino ez nuen aipatu nahi, kontuan har dezagun.