Zorionez edo zoritxarrez, gero eta prozedura burokratiko gehiago telematikoki egin behar izaten ditugu. Online. Eta teorian erraza da. Atzo nirekin borrokan egon zen webgune instituzionalak bere lehenbiziko azalpen lerroan zioen bi urrats errazetan egiten ahal nuela dena. Bikain.
Eta bi urrats horiek ez ziren, benetan, zailak izan. Ez. Baina azken urratseko azken botoia sakatzen nuen bakoitzean: "Errorea". Ez dakit zenbat aldiz errorea. Eta azalpen gehiagorik ez.
Eta hortxe gelditu nintzen, Urbasa-Andia parke naturalaren hegoaldeko hegalean egin nahi duten parke eoliko erraldoiaren kontrako alegazioak erregistratu ezinik.
Zorionez, baditut bi hanka analogiko, eta ziztu bizian igo nintzen Iruñera, Urbasa-Andia Bizirik herritar talde jatorra hiriburura etorri baitzitzaigun atzo, berdez mozorrotu nahi duten proiektu txikitzaile horren kontra bildu dituzten alegazio guztiak erregistratzera. Eskura eman nizkien neureak, eta uste dut aurkeztu ahal izan zituztela.
Gerora jakin nuen 5.000 alegazio inguru lortu dituztela. Eta pentsatu nuen agian alferrikako lanetan aritu nintzela, ez zela beharrezkoa ni labirintu teknologiko horretan denbora galtzen ibiltzea. Bortz milarekin nahikoa zela. Ez zela bortz mila eta batgarrena deustarako behar.
Baina, aizue, ze arraio!, zenbat eta gehiago izan, orduan eta hobeki pasatuko dugu guk; eta orduan eta makurrago pasatuko dute haiek.