Auto bat gidatzea ez da giza eskubide bat. Auto hori kalean aparkatzea ez da giza eskubide bat. Eta, jakina, autoa kalean dohainik aparkatzea ez da inondik inora giza eskubide bat.
Izatekotan, pribilegio bat da. Baina ez eskubidea. Eta hori argi ez badugu, orduan, arazo bat dugu eskubide sozial eta politikoak identifikatzeko tenorean.
Eta izatekotan, tokietara ailegatzea, bai, bada eskubide bat. Gure etxera, eskolara, osasun etxera, eta abarretara ailegatzea. Baina toki horien ondoan ibilgailu pribatua aparkatzea jarduera unibertsal bat ez denez -oso pertsona gutxik egin dezaketelako-, nekez defenda daiteke espazio publiko mugatu eta eskasa gure ibilgailu pribatuarekin okupatzea dohainik egin ahal izatea. Izan ere, espazio publikoaren zein bertze okupazio pribatu ez dago tarifatua eta arautua?
Era berean, aipa genezake espazio publikoaren okupazio debaldeko hori kobratzen ari ez garenez motordun ibilgailu kutsakorren erabilera sustatzen eta diruz laguntzen ari garela. Baina nik uste aipaturikoarekin nahikoa dela gure harridura agertzeko doako aparkatzea ezkerretik defendatzen ari direlako.