Egunero-egunero ematen dizkigute Covid-19ak eragiten dituen heriotzen kopuruak, egunero-egunero gertatzen diren tren istripuak balira bezala. "Atzoko istripuan lau pertsona hil ziren, baina herenegungoan zazpi. Beraz, hobera goaz".
Eta, kasu, ongi iduritzen zait kopuru horiek ematea. Herritarrok jakin behar baitugu gaixotasunaren larritasun maila non dagoen. Baina, era berean, kontuz ibili behar dugu, koronabirusaren inguruko guztiak estal ez dezan badirela heriotz goiztiarrak eragiten dituzten bertze gaixotasun edo gertaera batzuk, agian eragozten ahal ditugunak.
Atzo berean jakin genuen Laminaciones de Lesaka lantegi zenaren enpresa ondorengoetako batek onartu duela faktorian 30 urtez amiantoaren eraginpean aritu zen langile baten heriotza, hain zuzen ere, amiantoak eragin zuela. Gainera, enpresa horrek behar bezalako kalte-ordaina emanen dio defuntuaren familiari.
Hiltzaile isila erran ohi zaio amiantoari. Isila eta isilarazia. Enpresak ahal duten guztia egiten saiatzen baitira beren langileak amiantoaren eraginpean lan eginarazteagatik duten ardura ezkutatzeko.
Zorionez, noiz edo noiz agertzen dira Lesakakoa bezalako albisteak, amiantoagatik hil zirenen edo gaixo daudenen familiei nolabaiteko adorea ematen dietenak. Baina, zoritxarrez, oraindik bide luzea dago egiteko, amianto isilaraziari bozgorailu ozena jartze aldera.