Euskal Herriarendako Espainiaz eta Frantziaz aparteko etorkizun bat nahi dugunok lerde putzu handi bat dugu inguruan atzotik. Zelako inbidia, aizue.
Eta ez. Ez naiz espetxean gure politikariak izateko epikaz ari. Kartzelak ez baitu epikatik ezer. Eta gainera, geuk ere izan ditugu politikariak urte luzez itzalpean. Ez da hori, ez.
Kataluniarrek, bertze behin ere, Espainiaren enegarren zartakoari eman dioten enegarren erantzunaz ari naiz. Eredugarria izan baita berriz. Eta bortz axola independentzia lortzen duten ala ez. Tira, aukeran nahiago lortzea, noski. Baina lortuko ez balute ere, zelako inbidia ematen duen herri suhar horren indarrak.
Eta zelako tristezia gure herriarekin konparazioa eginez gero. Zuek irudikatzen ahal duzue atzo Bartzelonako aireportuan gertaturikoa Bilboko aireportuan? Ezinezkoa, ezta?
Ezinezkoa, Historiak eman dizkigun kartak nahiko eskasak baitira. Ez dugu ereserki nazionalik, eta horretarako proposatzen diren asko hileta kantuak dira. Ez dugu kolpe bakarrean independizatzen ahal den lurralde geografiko bakarra. Ez dugu fatxek ere erabiliko duten gure herriaren izen adosturik. Ez dugu estatu etsai bakarra, bi baizik. Ez dugu emantzipazio bandera bakarra. Ez dugu espainolaz aparteko hizkuntza hegemonikorik. Ez dugu...
Bat ote dugu zer edo zer?
Eta oraingoan, ez naiz inori deus aurpegiratzen ari. Gure herriarekiko arrangura baino ez naiz adierazten ari. Hori baino ez.
Eutsi, Katalunia.