Etxean haurrak telebista ikusten ari badira ETB3 katea baino ez dugu ikusten. Aniztasun gutxikoak gara horretan. Nahita. Horretan ere euskararen militanteak baikara. Erran nahi baita badakigu marrazki bizidunetako kate gehiago daudela munduan, baina guk bakarrik euskaraz ikustea erabaki dugu.
Eta ez da ahalegin handiko militantzia bat. Hau da, kasu honetan euskara aukeratzeagatik, eta ez gaztelania, nire haurrak ez dira gelditzen haien gizarteratzerako garrantzitsua izan daitekeen ezer gabe. ETB3 haurrendako telebista kate erabat homolagagarria baita.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan paratuak dituzten 375 audimetro gezurtiek diote 2018an soilik ikusleen %0,3k ikusi zutela ETB3 hiru probintzia horietan. Aldiz, audientziaren %1,3k aukeratu zuen Clan, eta audientziaren %1,2k, Boing.
Errana dut nik ez dudala audimetro bideratu horien datuetan sinesten. Baina egia balira ere, ez dut uste datu eskas horiek ETB3ren kalitate eskasari egozterik dauden. ETB3ren kalitatea ez baita eskasa, ez bederen Clan edo Boing kateena baino eskasagoa.
Clan, Boing eta ETB3ko atzoko (maiatzak 13) programazioa aztertu dut, 24 ordukoa. Eta azterketa arin batek datu hauek eman dizkit.
- Clan kateak 38 saio ezberdin eman zituen 24 ordu horietan. Boing kateak 18, eta ETB3k, 46.
- Boing kateak 4 orduz eman zuen Doraemon eta 3 orduz Mr. Bean. Clan kateak bi ordu eta erdiz eman zuen Bob Esponja eta ia hiru orduz, Henry Danger. Aitzitik, ETB3n bakarrik ordu erdikoa izan zen Doraemon-en emanaldia; berez, izan ziren egun osoan hura baino saio luzeagoak.
- Bakarrik ETB3n egon zen atzo fikziozko saio propio bat: 3txulo.
Jakin dezazuen, bertzerik ez, eta ETB3ri buruzko mitoak desmuntatzen has zaitezen.