Ez nauzue ni 2015eko aldaketa instituzionalak Nafarroa Garaian abiatu zuen Aldaketari osoko zuzenketa egiten dien horietakoa. Horretan ez nauzue aurkituko. UPNk egiten zuena eta Geroa Bairen Gobernuak -bertze hiru alderdien babesarekin-egiten duena konparatuta, gai naiz ikusteko ez direla gauza bera. Baina, noski, denok baditugu gure intereseko kontuak eta neureetan, bederen, badira arantza batzuk min egiten didatenak.
Euskara da horietako bat, jakina.
Eta, zera, gaurko manifestu honetan etengabe lehen pertsona erabiltzen ari naizenez, utz iezadazue neure burua berriz aipatzen eta 2015eko ekainean idatzi nuen artikulu bat honera ekartzen. Ordu hartan, Gobernu berriari eskatu nion 2000. urtean UPNk euskararen kontra abiaturiko erasoa gogoratzea. Nola dekretuz dekretu, euskarak administrazioan zuen presentzia txikia zokoratzen joan zen UPN, paria euskaldunak are ikusezinago bilakatzeko asmoz.
Eta Uxue Barkosen Gobernuari eskatu nion gutxien-gutxienik, oldarraldi haren aurreko egoerara itzultzea nafar administrazioa. Eta hortik gora.
Bada, normala denez, ez didate kasurik egin, eta dekretu haiei buelta emateko ezer gutxi egin dute.
Geroa Bairendako euskara gaztelaniaren gibelean baitago, bigarren edo hirugarren maila batean, eta ez du batere arazorik jarrera hori erakusteko. Konparazio batera, aurrekoan Espainiako bozetara aurkeztuko dituen hautagaiekin agerraldia egin zuen Geroa Baik, hauteskunde kanpainaren leloak zituen atril bat erabilita. Atrilean "NAVARRA NO SE TOCA", gaztelaniaz; goi-goian eta hizki larritan idatzita. Eta azpian, "Nik, Nafarroa!" euskaraz, hizki hagitzez txikiagoetan, hizki etzanetan, eta kolore intentsitate baxuagoan; alegia, euskaldun miopeok nekez ikusteko moduan.
Bistan da UPNk umezurtz utzi duen erregionalismoa bereganatu nahi duela Geroa Baik, eta batzuen ustez hori gauza ona da Aldaketarako. Baina asmo horretan euskara eta, beraz, euskaldunak, baztertzeak niri neuri min egiten dit.