Atzo Azkoienen izan nintzen, Huerta de Peralta enpresako langileei nire elkartasuna adierazten, eta ahal izan nuen moduan laguntzen. Greba eguna izan baitzuten atzokoa, "enpresaren dinamika errepresiboa salatzeko". Eta eguneko irudiak, soinuak eta usainak gogoratzeko modukoak izan ziren.
Huerta de Peralta enpresan barazkiak hazten dituzte, eta produktu freskoak ontziratu. 130 langile ditu - gehien-gehienak pertsona migratzaileak-, eta hartara sektore horretako enpresa handienetariko bat da. Hala ere, 2017 arte ez zuen ordezkari sindikalik izan. Orduan egin ziren lehenbiziko hauteskundeak. LABek 6 ordezkari lortu zituen; CCOOk, 2; eta UGTk, 1.
Emaitza hark ilusio handia eragin zuen sindikatu abertzalean, garaipenaren kokapen geografikoagatik eta, batez ere, langile horien prekarietate eta esplotazio egoera larria zelako oso. Ordezkari sindikalak lanean hasi eta gutxika-gutxika joan ziren lan baldintzak hobetzen: urteak lanean zeramatzaten langileei kontratu mugagabea egin behar izan zieten; jaiegunak ordaintzen hasi behar izan zizkieten; eta 12, 13 edo 14 orduko lanaldiak egin ordez, 7 orduko lanaldia ezarri behar izan zuten.
Enpresaburuek baina, orain arte egindakoagatik lotsagorritu ordez, mendeku dinamika bati ekin zioten, eta hasi ziren langileak kaleratzen eta zigorrak ezartzen. Eta langileak injustiziaren aurka matxinatu dira, noski. Atzo, barazkiak hazten lan egiten duten langile guztiek egin zuten greba; oro har, enpresako langile guztien %80.
Eta ikustekoak izan ziren irudiak: dozenaka magrebtar LAB sindikatuaren banderak astintzen eta euskarazko, gaztelaniazko zein arabierazko mezuak zituzten kartelei eta pankartei eusten.
Eta entzutekoak izan ziren soinuak: bozgorailu batetik arabierazko kanten Spotify-ko aukeraketa bat, iragarki eta guzti.
Eta aditzekoak izan ziren usainak: bazkalorduan Huerta de Peraltako langileek eta LABeko sindikalistek partekatu zuten kuskusa eta tea.
Eutsi gogor, lagunok!