Iragan asteburuan Iruñean izan ziren mobilizazio guztien artean gutxienez bada bat nahiko oharkabean pasatu dena; Maria Exposito Diaz familiak eginiko elkarretaratzea, hain zuzen ere.
Kontua da Maria Exposito Diaz 64 urteko andrea duela urtebete hil zela, Txantrean, auto batek harrapatuta. Halakoetan, erran nahi baita harrapaketa mortaletan, gertaerari buruzko epaiketa nahiko laster egin ohi da, eta normalean auto gidariari kartzela zigor txiki bat ezartzen diote, inondik inora beteko ez duena, eta gida baimena pixka baterako kentzen diote.
Baina oraingo honetan ez da halakorik gertatu. Auto gidaria foruzain bat baitzen. Horixe salatu nahi izan zuen familiak elkarretaratzearekin, alegia, emakumearen heriotza eragin zuen auto gidariari fabore tratua eman ziotela, polizia zelako.
Duela lau hilabete, Nafarroako Auzitegiak erabaki zuen kasua artxibatzea eta epaiketarik ez egitea, epailearen ustez emakumea behar ez zen tokitik pasatzen ari zelako. Eta tira, hori eztabaidagarria izan daiteke, baina afera da familiak ez duela aukerarik izanen bere jarrera epaiketa batean defendatzeko, auzitegiak bide hori itxi baitu, foruzainak Maria Exposito Diaz emakumearen bizitza itxi zuen modu berean, kolpe batez; betiko.
Familiak salatu du prozesuan irregulartasun anitz egon dela. Adibidez, auto istripuetan ohikoa da inplikaturiko pertsonei alkoholemia proba egitea. Hildakoari egin zioten. Ez, ordea, foruzainari. Eta foruzainaren maniobra arraroa kontatu zuten lekukoen testigantzak ere ez dituzte aintzat hartu. Eta bertze hainbat gauza.
Iruñean, legealdi honetan, 15 pertsona hil dira dagoeneko ibilgailu motordunek harrapatuta. Kasu guztiak dira lazgarriak, baina are gehiago Maria Exposito Diazena, Txantreako emakumeak harrapaketa hirukoitza jasan baitzuen: mortala, poliziala eta judiziala.