Nafarroan zalaparta handia sortzen ari den kontu batek zirimola ideologiko batean sartuta nauka. Amatasun eta aitatasun baimenak direla-eta ama eta aitei kobratu zitzaizkien zergen itzultzeaz ari naiz. Kontu benetan korapilatsua da, arantza anitzekoa.
Espainiako Auzitegi Gorenak erran du Pertsona Fisikoen Gaineko Zergaren bidez ama eta aitei harturiko diruak itzuli behar zaizkiela. Eta lehenbiziko kolpean, guau!, ze ongi!, dirua itzuliko didate, bi semerengatik gainera. Baina berehala sortu zaizkit zalantza politikoak, gauza bat baita norberaren egoera pertsonala eta bertze bat gizartearendako bidezkoagoa dena.
Soldata moduko bat den prestazio horretan, zergatik ez lirateke zergak ordaindu behar? "Jendeak haur gehiago izatea laguntzeko", erantzunen luke batek. "Baina mundua jendez mukuru dugun honetan, benetan haur gehiago behar ditugu?", galdetuko luke bertzeak. "Eta bai, mundua jendez beterik dago, ez ordea gure mundutxo hau", erantzunen lehenbizikoak. "Eta, gainera, haurrak gutxi ala asko izanik ere, kontziliazioa beti lagundu behar da".
Bufff... Demografiak eta justizia sozialak ez ezik, subiranotasun gogoak ere sortzen digu duda. Agian gauza ona izanen da Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki duena. Baina aizue, hemen bizi, hemen erabaki; hemen haurrak izan, hemen erabaki; hemen ordaindu, hemen erabaki. Eta hain zuzen ere, Nafarroak 2012an erabaki zuen, lege baten bidez, gurasoek zerga hori ordaindu behar zutela. Joe, bai, Nafarroak erabaki zuen. Baina zein Nafarroak? UPNk, PSNk eta PPk bozkatu zuten lege haren alde. Eta orain zer diote Erregimen zaharreko alderdi horiek? Bada, beraiek sortu zuten legea hankartetik pasatu beharko genukeela orain eta Espainiari men egin. Eta horregatik babestu eta sustatu dute amen manifestazio susmagarri bat.
Nik neuk, bederen, ikaragarrizko nahaspila dut buruan kontu honi dagokionez. Beraz, halakoetan ohi dudanez, Cordovillako kazetak zer dioen irakurtzera joko dut, kontrako jarrera hartzeko betiere.