Mikroborrokak

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2018ko urr. 9a, 12:12

Koinatu eta koinaten betiko leloa izaten da erratea protesta egiteak ez duela deustarako balio. Demokrazia batean, edo demokrazia itxurako batean, gehiengoek erabakitzen baitituzte gauzak, berdin dio gutxiengo batek kasketa hartzea. Horra koinatuen irakurketa.

Lan munduari aplikatzen diote anitzetan betiko lelo hori. Baina, hain zuzen ere, nik erranen nuke lan munduan egiten duela huts teoria horrek. Langileek patroien aurka borrokatzen dituzten gatazketan uste duguna baino ohikoagoa izaten baita langileek irabaztea.

Iruñean dugu azken adibidea. Aurtengo sanferminen bezperan La Sangiovesa jatetxeak lau langileren kaleratzea jarri zuen borroka taulan, LAB sindikatuaren hautagaitza babestu zutelako. Une hartantxe kaleratze bat gelditzea lortu zen, eta bertze hirurei dagokienez, orain jakin dugu itzultzea erabaki duena berriz hartu behar izan duela enpresak eta bertze biei zegokiena ordaindu behar izan diela. Gainera, bidean, langile guztiei hainbat lan baldintza hobetu behar izan dizkie enpresak.

Jakina, La Sangiovesakoek atzera egin dezaten behar-beharrezkoak izan dira bertako langileen, bertze langile batzuen eta sindikalisten protesta eta presio ekintzak. Patronalari nahi duena egiten utziz gero, nahi duena egiten baitu, batere lotsarik gabe.

Egin kasu. Borrokatzea merezi du. Beti merezi du. Eta irabazten delarik, nahiz garaipen txikiak izan, lau haizetara zabaldu behar da. Langile guztiek jakin dezaten. Patroi guztiek jakin dezaten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!