Mediku onenak

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2018ko eka. 5a, 12:16

Iragan larunbateko manifestazio carpetovetonico eta zoldazuan, enegarren aldiz, mediku onaren eta euskaldunaren falazia erabili zuten. Espainolismoak itsututa ez dauden pertsona on eta zintzoekin ez da denbora gehiegi behar falazia hori desmuntatzeko, erraza baita medikurik onena euskalduna izan daitekeela frogatzea. Beraz, ez gara errepikatuko.

Baina gaur mediku onenen kontu horrekin gogoratu naiz berriz, Osakidetzako oposizioen eskandaluaren kontura. Izan ere, hizkuntzen auzia gorabehera, ematen baitu orain arte ez diogula kasu handirik egin mediku onenak aukeratzeko sistemei.

Isiltasun ozena omen da mediku espezialistak aukeratzeko probetan tranpak egiten direla. Vox populi. Nik neuk izan dut horri buruzko solasaldirik lagun mediku batekin, etsituta baitzebilen jakin bazekielako egin behar zituen oposizio batzuetan nork eramanen zuen lanpostua. Eta Osasunbideaz ari naiz, mediku espezialisten plazak lagunei edo antzinatasun handiagoa dutenei errazteko ohitura ez baita Osakidetzako ajea bakarrik.

Eta kontua hain ezaguna bada, eta zantzuak hainbertze badira, zergatik errepikatzen da hau behin eta berriz? Zergatik ez dago epaitegietara eramateko moduko frogarik? Berria egunkariak gaur hainbat lekukotzarekin osatu duen erreportajean bete-betean asmatu du, nire ustez. Sistema klientelar horrek kaltetzen dituen hautagaiek ez ohi dute salaketarik jartzen, batetik, "beldur" direlako eta bertzetik uste dutelako hurrengoan "beren txanda" ailegatuko dela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!