Euskara batu perfektuan

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2018ko mai. 8a, 11:48

Herri honek dituen lehentasunen artean hamaborzgarren mailan dago orain aipatuko dizuedan hau. Baina nik zera proposatu nahi nieke Euskal Filologiako ikasle aurreratuei: egin dezatela doktorego tesia ETAren agiri guztien gainean; azter dezatela euskara batuaren bilakaera agiri horietan agertzen den hizkera oinarri hartuta.

Garai batean, bederen, ETAren agirien euskarazko bertsioak osorik irakurtzeko ohitura nuen. Nik uste orain halako perbertsioak aitortzen ahal direla. Eta irakurtzen nituen, hein batean, gustatzen zitzaidalako testuetan hainbat euskalkitako hitzak edo joskerak aurkitzen ibiltzea.

Euskaldunen ohiko jolasa baita ezagutu berri duten bertze euskaldun horren jatorria asmatzen saiatzea, darabilen euskara aintzat hartuta. Pentsatzen dut Polizia ere horretan jostatzen zela, eta horregatik etakideek halako euskalki anabasa egiten zutela beren testuetan.

ETAk maiatzaren 4an zabaldu zuen azken komunikatu horretan ere ez dago asmatzerik egilea nongoa den, baina ez garai bateko jolas hartan aritu direlako, baizik eta euskara batu perfektu batean idatzita dagoelako nire ustez.

Euskara batuak erregistro formalean eman dezakeen hizkerarik onenaren adibide polita iruditu zait ETAren azken agiria. Eduki zaileko testua izan arren, hagitz ongi ulertzen da. Nabari da hitz eta esaldi bakoitza kontu handiz apailatu dutela.

Txostengintzaren aje batzuk ditu, hala nola, "ezaugarritu" eta "egikaritu" aditzak erabiltzea. Baina ikaragarria da ikustea nola euskaraz, baita idatziz ere, egin ohi diren akats guztiak saihestu dituzten. "Burutu", ezker abertzalaren akats kutunetako bat, ez da inon ageri, nahiz eta ETAk bere bidea bukatu duen honetan primeran zetorkien. Euskaldun askok "beranduago" erabiliko luketen tokian, "geroago" erabili du ETAk ongi. Edo denok "borroka jarraituko dute" idatziko genukeen tokian, beraiek "borrokari jarraituko diote" idatzi dute, aditzaren erregimena ederki errespetatuz.

Inkoherentzia txiki-txiki bat baino ez dut aurkitu testuaren datan. Baina hori da akats bakarra.

Areago, agiriari ahotsa jarri dioten Josu Urrutikoetxea bizkaitarraren eta Marixol Iparragirre gipuzkoarraren irakurketek ere euskara batuaren ahoskera zainduari jarraitzen diote nabarmen, eta J-ak yota bezala ahoskatzen dituzte, arraro samar egiten zaigun bukaerako "jo ta ke" hori barne.

Filologoek enmarkatzeko modukoa, benetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!