Aurtengo kartelari begira jarri naiz. Polita da. Argazki album zahar baten azala dirudi. Album garrantzitsua, urrezko apaingarriak baititu. Eta pentsatu dut ez dela batere erraza izanen duela hamalau urte gertatu zen erailketa anker hura gogoratzeko kartela urtero-urtero berritzea.
Espainiako polizia batek eta bere semeak eraildako okinak Angel Berrueta zuen izena. Baina "Angel" baino ez da azalean ageri. "Berrueta" ez dago. Eta gogoratu dut niri egokitu zitzaidala Berria egunkarian hilketa haren kronika egitea. Eta lotsatu naiz. Lehenbiziko artikulu hartan gaizki idatzi bainuen bere abizena, eta U behar zuen tokian O paratu nuen.
Dena dela, ez egin kasu handirik orain botatzen ari naizen hauei, e. Hausnarketa korapilatsua dirudi, ustez sakona, baina benetan ez du fundamentu handirik. Hala, pentsamenduaren jolas horretan, Berrueta abizenaren inizialari egunotan nire burua gogor jotzen ari den euskal gatazkaren azken defuntuaren abizena lotu diot. Eta tontamentean, Espainiako Gobernuaren lehendakari Mariano Rajoyren bigarren abizena atera zait: BRey.
Lotura erraza da. Badakit. Baina 2004an PP zegoen gobernuan, eta orain ere bai. Eta horregatik, espetxe politika krudelak bultzaturik Xabier Reyk bere buruaz bertze egin zuenetik, pentsatzen egon naiz haren aldeko omenaldiak eta mobilizazioak bortizki zapuztuko zituztela, Iratxe tanatorioan Angel Berruetaren gorpuari agur errateko bildu zirenekin egin zuten bezalaxe.
Oraingoan ez dute egin. Baina mehatxua ez da falta izan: egindako guztia xehe-xehe erregistratu eta aztertu dute. Beraz, gero etorriko dira isunak, auzipetzeak eta, agian, kartzelatzeak. 2004tik hona, eta euskal gatazkari dagokionez, Espainiako Estatuaren bortizkeria izan baita gelditu ez den bakarra.
Martxoak 13 ditu gaur. Asteartea da.