ANALISIA | PAI programek hauspotu dute G ereduaren gorakada, A ereduaren kaltean

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2018ko ots. 21a, 11:56

> 2000 eta 2016 urteen arteko matrikula datu errealek erakusten dute D ereduak gutxienez bi hamarkada daramatzala %30era ailegatu ezinean
> PAI programek batez ere A ereduari eragin diote eta sare publikoan 13 puntu jaistera eraman dute

Nafarroako euskal mundu txikia pixka bat aztoratu zaigu egunotan, 2018-2019 ikasturterako aurrematrikula datuek erakutsi omen baitute D ereduak beheranzko joera hartua dela. Ez dago argi, ordea, aurrematrikula datuak erakunde ofizial batek emanagatik ere, dantza handia egon baita zenbaki horiekin. Atzo berean, Roberto Perez Hezkuntzako zuzendari nagusiak Euskalerria Irratian halako lasaitasun mezu bat helarazi nahi izan zuen, eta adierazi zuen D ereduak ez duela gora egin, baina ezta behera ere.

Aurrematrikula datuak ez, baizik eta matrikula datu errealak aztertuta, nolabait, Perezen hitzak berresten ahal dira. Datuok Hezkuntza Departamentuaren estatistika planetan jasoak daude eta, pazientzia apur batekin, Gobernuaren webgunean daude eskuragarri, baldin eta horiek aurkitzeko bidea zein den asmatzen bada. Lehenbiziko datua 2000 urteari dagokio eta oraingoz azkena, 2016 urteari.

Bada, 17 urte horietako datuei erreparatuta, garbiki erraten ahal dugu British ereduak lehenbizi eta PAI programek gero erdira eraman dutela euskararekin batere kontakturik ez duten ikasleen kopurua. 2000 urtean ikasleen %42,41 baitzeuden G ereduan matrikulaturik eta 2016an, %50,86. Eta igoera hori A ereduaren kaltean izan da, 2000 urtean %30aren bueltan baitzeuden A zein D ereduak. Bi hamarkada geroago hortxe segitzen du D ereduak, baina A eredua %20ren ingurura jaitsi da.

Urtez urteko datuak xehe-xehe aletuta, inflexio puntua 2007-2008 ikasturtean gertatu zela baiezta dezakegu. British ereduaren bigarren ikasturte hartan A ereduak hiru puntu galdu zituen eta etenik gabeko erortzea hasi zuen. Eta PAI programek British eredua ordezkatzeak jaitsiera hori sakondu baino ez zuen egin.

Bi komunitate arras ezberdin

Matrikula datuak ikastetxeen titulartasunaren arabera aztertuz gero, ispilu horrek itzultzen digun irudia ikaragarria da, Nafarroan bi komunitate zeharo ezberdin ditugula erakusten baitigu. Nafarroako sare publikoan, 2000 urtean, ikasleen hiru laurdenek bazuten kontaktua euskararekin (%39,51 A ereduan eta %33,81 D ereduan). G ereduan apenas zeuden ikasleen laurdena. Baina hamasei urte geroago ingelesaren inguruko programek buelta eman zioten egoera horri eta G ereduak 13 puntu portzentual kendu zizkion A ereduari.

Aitzitik, sare pribatuan, 2000 urtetik 2016 urtera gutxi mugitu ziren ereduen ehunekoak. Lehen eta orain, euskararekin batere kontakturik ez duen G ereduak ikasleen bi heren hartzen ditu. Ikastolak %20ren azpitik dabiltza, eta gainontzeko itunpeko ikastetxeetan A eredua burua altxatu ezinean dabil.

A eredua, utzita

Euskaldunen eta euskaraz bizi nahi dutenen ahaleginak D ereduari zuzenduak egon dira beti, eta alde batera utzi izan dute A eredua, ikasleak euskalduntzeko balio ez duelakoan. Euskara irakasleen artean ere gutxi izan dira eredu horri maitasunez begiratu izan diotenak. Eta aldaketaren gobernuak D ereduaren aldeko kanpaina egin du, Euskarabidearen bidez, eta D eredua eremu ez-euskalduna deiturikoan zabaltzeko lanak azkartu ditu.

Baina inortxok ez du deus ere egin A ereduaren alde. Azken bi hamarkadetako datuek erakutsi digute euskararen aurkako erasoak eta mezuak etengabeak izan arren, lortu izan dela D eredua Nafarroan %30aren bueltan egotea. Batzuek porrot bezala ikusten dute; bertze batzuok aldiz, arrakasta bezala. Baina badirudi euskaldunen burugogorkeriak %30erako balio duela gehienez ere.

Matrikula datu errealen arabera, A eredukoak gero eta gutxiago direnez, gero eta gehiago dira Nafarroan euskararekin batere harremanik ez duten ikasleak. Bistakoa da euskaltzaleei ez zaiela natural egiten A ereduaren aldeko lana, baina ez badu inork egiten gerta daiteke urte gutxiren buruan oraindik ere handiagoa izatea Nafarroako kulturaren ardatz nagusietako bati bizkar ematen dieten ikasleen kopurua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!