Ermitagaña

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2018ko ots. 6a, 12:00

Ermitagañan jaioa eta hazia nauzue. Ermitagaña, Iruñearen mendebaldeko bazter auzo bat, duela 40 urte Etxebizitza Ministerio frankistaren xafla falangistadun babes ofizialeko etxeez eginiko auzunea, Nafarroan auto zirkulazio handiena duen errepideak bitan banatzen duena.

Ermitagañaren bazter batean, gaur egun Yamagutxi parkea dagoen tokian, fabrika handi bat zegoen, Imenasa izenekoa. Bertako langileek bete zituzten Ermitagañako plaza osoak, baita bertze hainbat lantegitakoek ere. Baina auskalo zergatik, Ermitagañak ez zuen inoiz lortu "langile auzo" izendapena. Inoiz ez dela Txantrea gisa hartua izan, alegia. Ziurrenera, ermitagañarrek ez dutelako inoiz auzo identitaterik izan, eta Txantreakoak mugitu direnaren hamarrena mugitu izan direlako.

Denda nahikotxo izan zituen Ermitagañak garai batean, eta hasieran saltokiz betea izan zituen udal merkatuko bi solairuak. Gainera, Yamagutxitik gertu, nolabaiteko merkataritza zentroa eraiki zuten, eta han paratu zituzten bizitzeko behar-beharrezkoak diren komertzio asko: zinematokia, tabernak, liburu denda, banketxea, hotela, litxarreria denda eta tanatorioa.

Eraikin horrek badu tunel polit bat, Ilargiaren pasabidea izenekoa, eta han ireki zuten liburu dendari Xalem izena eman zioten, Xalbador eta Golem izenen arteko halako nahasketa bitxi bat eginez. Zinemako sarrerak erosteko ilara ikaragarri luzeak egin behar ziren garaian, liburu denda ere jendez lepo egoten zen. Eta kanpoaldean, tunelean, Imenasako zakurrak baino ordu gehiago sartzen zebilen Txino izengoitiko break dance dantzaria.

Eta barkatuko didazue hau guztia tonu melankoliko batean aipatzea, baina Ermitagaña nola itzaltzen ari den ikusteak min egiten dit. Azokak saltoki gutxi ditu, aurrezki kutxak alde egin zuen, zinemara oso jende gutxi joaten da, eta orain liburu denda kenduko dute. Bizi legea izanen da, noski. Baina tristetzen nau. Tristetzen nau jakiteak ziurrenik tanatorioa izanen dela Ermitagaña uzten azkena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!