Azkenaldian, erosketetako nire zerrendan bakarra da gaia. Eta barkatuko didazue, enegarren aldiz barkatu ere, gaurkoan berriz zerrenda bakar horri tiraka ekiten badiot. Baina kontua da auziak indarrez jo duela nire bihotza.
Eta bai, sentimenduak paratu ditut mahai gainean. Afera honek aspaldi gainditu baitzituen arrazoiaren mugak, eta sentimenduak astindu. Erran nahi baita ez dago arrazoi arrazionalik Nafarroako irakaskuntzan zerrenda bakarra ez ezartzeko. Kontratatzailearen eta kontratatuen aldetik denak izanen bailirateke onurak zerrenda bakarrarekin. Beraz, auzi honetan, sentimenduak sartu dira jokoan: Erregimen Zaharreko alderdiek euskaraz bizi nahi dugunoi diguten gorrotoa batetik, eta Comisiones Obreras sindikatuak babesten dituen irakasle elebakar pribilegiatu batzuen beldur esplikaezina bertzetik.
Azken egunotako jarrera hartzeek argi erakutsi baitute Marisa de Simon eta Jose Miguel Nuin Izquierda - Ezkerrako parlamentariek babestuko duten jarrera Comisiones Obrerasen jarrera dela. Eta gogoratu, Comisiones Obreras Erregimen Zaharreko sindikatutzat jotzen genuen.
Era guztietako ekimenak egin dira De Simonen eta Nuinen bihotzak era batera edo bertzera samurtzeko. Baina, oraingoz, ez da modurik izan. Alde horretatik, antologikoa iruditu zitzaidan abenduaren 14an ELA sindikatuak osatu zuen prentsa ohar bat. Dirudienez, egun hartan Izquierda - Ezkerrako zuzendaritzakoekin batzartu ziren eta zerrenda bakarraren kontra ez egiteko konbentzitzen saiatu ziren. Oharra ez da sobera luzea, baina iradokitzen du ELAkoek hau, eta hori, eta hura, eta hemengoa, eta horkoa, eta hangoa erran zietela Izquierda - Ezkerrakoei. Aldiz, oharrak ez du Izquierda - Ezkerrakoen erantzun bakar bat ere jasotzen; hitz erdirik ez. Ematen baitu bilera hartan Izquierda - Ezkerrakoak mutu egon zirela, eta ELAkoak, aldiz, pareta baten kontra hizketan.
Eta halaxe gaude oraindik ere. Abenduaren 22 arte dugu De Simonen eta Nuinen bihotz gogorrak biguntzeko. Ea baten bati bertze zer edo zer bururatzen zaion. Animo!