Hizkuntza paisaiatxoa

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2017ko ots. 14a, 13:20

Begiak odoletan ditut atzotik. Abizena C hizkiarekin idatzi baititate berriz. Enegarren aldiz. "Hi, Asier, ohitua egon behar huke!". Bai, izatez, banago. Ikaragarri ohikoa baita nortasun agirian K hizkiarekin idatzita izanagatik ere betiko funtzionarioa begien aitzinean duena irakurtzeko gai ez izatea. Edota ahoz galdetuta nik "Azpilikueta Krekin" erran arren idazkaria erdal grafiarekin tematzea.

Baina atzokoak pikutara bidali du halakoak jasateko nire gaitasun titanikoa.

Seme nagusiak Iruñeko D eredu hutsezko ikastetxe ereDugarri batean ikasten du. 4 urtekoen gelan dago. Eta gutxika-gutxika ari da bere izen-abizenetako hizkiak identifikatzen eta idazten.

Gelan badute maleta bidaiari bat, astetik astera familia batetik bertzera pasatzen dena. Bertan, bizpahiru jolas daude, haurrekin batera egitekoak. Horietako batean ikaskideen argazkiak beren izen-abizenekin lotu behar dituzte.

Bada, irakasleak prestaturiko fitxetan erdal grafiaz idatzita ageri dira euskal abizen guztiak, geurea barne.

Ezustekoaren ondotik amorrua etorri zitzaidan, eta geroago duda existentziala. Nola da posible euskara hutsezko ikastetxe batean, batere balio ofizialik ez duen jolas batean, haurrek beren izen-abizenen hizkiak identifikatzea helburu duen jolas batean, euskal abizenak euskal grafiarekin ez idaztea? Ai... [hasperena].

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!