Eskola

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2017ko urt. 17a, 12:17

Ea ongi esplikatzen dudan.

Nire seme nagusia euskara batekin joan zen eskolara eta bertze euskara batekin itzultzen ari da. Zehazki, beste euskara batekin. Nahiko nuke hala ez balitz, baina tira, euskaraz egiten duen bitartean, ongi.

Astelehenetik ortziralera zazpi ordu baino gehiago egiten ditu semeak eskolan. Beraz, euskara mota bat egin dezan nik egiten ditudan ahaleginek aurkari azkarra dute eskolan. Ez dut etsiko, baina badakit gatazka bat edo bertze galduko dudala.

Erran nahi baita eskola hagitz garrantzitsua da gure seme-alaben hizkuntza joeretan. Horregatik, historikoki, eskola izan da arma nagusia hizkuntza gutxituak are gehiago gutxiagotzeko.

Badira bertze baliabide batzuk, noski, eta ez ditzagun ahantz, baina eskola oso garantzitsua da tortillari buelta emateko lanean. Hartara, ospa dezagun ospatu behar den moduan Hezkuntza Departamentuak atea ireki izana Nafarroako hegoaldeko bertze hamar herritan D eredua zabaltzeko.

Allo, Antzin, Castejon, Cintruenigo, Larraga, Los Arcos, Mendigorria, Azkoien, Zangoza eta Tutera. Ongi etorri, baldin eta etortzen bazarete.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!