Zenbat aldiz ez ote dudan kantatu La Pollaren No somos nada abestia. Eta lotsa moduko zerbaitekin kantatu izan dut beti. Kantak "Somos los hijos de los que perdieron la Guerra Civil" erraten duen horretaz ari naiz.
Ni ez bainaiz 36ko gerra galdu zutenen iloba, irabazi zutenena baizik. Gure aitaren aita erreketea izan zen eta frontean ibiliko zen tiroak botatzen, nik dakidala belaun batean metraila arrastoak baitzituen. Gure aitaren ama, berriz, margarita izan zen eta frontean zeuden soldaduei animoak emateko eskutitzak bidali zizkien Diario de Navarra eta Arriba España egunkari kolpistei.
Baina nire aitatxi-amatxiek egin zutena gorabehera, ni ez naiz frankista. Haiek gaiztakeriaren bat egin baldin bazuten, nik ez dut erreparorik hura gaitzesteko eta arbuiatzeko.
Era berean, UPNko kide batzuek aitatxi-amatxi fusilatuak izateak ez die UPNko horiei zilegitasunik ematen fusilatuen omenez egindako ekitaldiak gutxiesteko.
Gure ekintzek definitzen gaituzte gu, ez gure aitatxi-amatxiek eginikoek.
Eta 2016. urtean, oraindik, UPN eta PPko kideak frankistei gorazarre publikoa egitearen aldekoak dira. Berdin dio zer ziren haien aitatxi-amatxiak. Haiek, oraindik, frankistak dira.