Nafarroako euskaltzaleok jaso dugun azkenaurreko zaplaztekoaren harira eginiko elkarretaratzean, Sagrario Alemanek aipatu zidan guraso euskaldunok ere auzitegietara jo beharko genukeela, azken 30 urteetan jasan behar izan dugun bereizkeria salatzera. Bada, antolatzen garen bitartean, ea baten batek heralazten ote dizkion epaileari nire bi semeen kasuak.
OIER. 2012an euskarazko bi haur eskola publiko baino ez zeuden Iruñean, eta biak Txantrean, bazterreko auzo zaharkitu batean. Egunsenti haur eskolan sartzea lortu zuen Oierrek, nahiz eta hasiera batean itxaron zerrendan bederatzigarren egon. Gure etxetik 6 kilometroko bidaia dago autoarekin Egunsentiraino. Beraz, Oierrek 12 kilometro egiten zituen egunero joan-etorrietan (neuk bikoitza, noski). Denetara, hiru ikasturtetan, Oierrek 7.300 kilometro egin behar izan zituen, euskarazko haur eskola publiko batean eskolatua egoteagatik.
UNAI. Txantreako Egunsentin egin zuen bere lehenbiziko ikasturtea gure bertze semeak. Bigarren ikasturtean, baina, tokiz aldatu zuten. Izan ere, euskarazko bi haur eskolak auzo berean egon ez zitezen eginiko aldarrikapenari men egin omen zion UPNk eta Egunsentikoak Arrotxapera mugitu zituzten 2015ean. Baina UPNk sekulako gola sartu zigun. Arrotxapean zeuden hiru haur eskoletatik zaharkituena eta txikiena eman ziguten, haurrak euskaraz eskolatzeko eskaerari erantzuteko arras desegokia. Hori konpontzeko, hurrengo ikasturtean, euskarazko eredua Goiz Eder eskolara mugituko dute eta, beraz, Unaik bere hirugarren eskola ezagutuko du hiru urteko bizitzan.
Mesedez, helarazi hau guztia Iruñeko Udalaren helegitea aztertu behar duen epaileari. Mila esker.