Riau-riau zenaren pare jarriko nuke nik azken urteetan prozesioak Curia karrikan egin izan duen bidea. Gogoangarria. Miresgarria. Hunkigarria.
Udalbatza eta santujaleak Mercaderesen geldirik, karrika igo ala ez erabakitzen. Espainiako dozenaka polizia, oinetatik burura armatuak, inguruko karriketan zain. Eta orduan, Ameriketako erreginarekin joaten diren txistulariak “Ikusi mendizaleak” buklean jotzen. “Ez nekea, ezta bide txar, ta gora, gora…”. Karrikaren burrunba. Eta desafioa igo nahi ez dutenei. Hemen gaude.
Eta udaltzainen babesean aurrera egiten animatzen direlarik, gurutzearen gibelean, artzapezpikua. Eta txistuak. Eta artzapezpikuaren gibelean, zinegotziak eta alkatea. Eta txistuak eta txistuak. Eta irainen bat. Edo adjektibo kalifikatiboren bat: “Pailazo halakoak!”.
Unetxoa. Nire unetxoa.
Eta hara non, aldaketaren indarrek tradizio zinez eder hau arriskuan jarri duten. Aldaketa sostengatzen duten batzuek probokazioetan ez erortzeko deia egin dute, eta propio aipatu dute Curia karrikaren izena. Baina niri ez zait mezua sobera garbi ailegatu.
San Fermin santu apokrifoaren omenezko prozesioan botere politikoa botere eklesiastikoaren meneko eta gibeleko dela bere presentziarekin irudikatzen duen alkateari txistu egiten segitu nahi dut.
Horregatik gaur, alkate jauna, zuri ere txistu eginen dizut. Ziur naiz ulertuko duzula. Tradizio osasuntsuen aldeko zarela uste baitut.