Osasunbide gaixoa

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2015ko api. 29a, 12:33

Aurreko batean, auto istripu txiki bat izan nuen. Semaforo gorri baten aitzinean ni gelditu nintzen, baina gibeleko autoa ez, eta jo egin ninduen. Ez zen gauza handia izan, baina lepoan kolpea hartu nuenez ospitalera joan nintzen, badaezpada ere.

Eta, aizue, nire esperientzia harekin Nafarroako Ospitale guneko larrialdi zerbitzu berriaren funtzionamendua epaitu beharko banu, erranen nuke primeran dabilela. Berehalakoan hartu ninduten, askotariko probak egin zizkidaten, ongi artatu ninduten, eta ordu erdi pasata kanpoan nengoen.

Baina ez naiz hain inozoa. Badakit nire esperientzia partikular harekin ezin dela ondorio orokorrik atera.

Zorionez, iragan larunbatean, lagun arteko giroan, bi erizain eta mediku batekin solastatzeko aukera ederra izan nuen. Alegia, protagonisten ahotik entzun nituen zenbait egunkaritan irakurri ohi ditugun zabarkeria guztiak.

Hiru esalditan laburbilduta:
Osasunbidearen aparatua UPNren inguruko morroi alferrez beteta dago, zerbitzuaren hobekuntza eta garapena etengabe oztopatzen dituztenak.

Morroi horiek ez dute inoiz Opus Deiren klinikari itzal egin diezaiokeen deus ere eginen.

Heldu den legealdiari beldur diotenez, jada deitua duten hurrengo oposizio-lehiaketan aginte postuetan morroi gehiago izateko ahalegina eginen dute UPNkoek, ohi duten bezala oposizio-lehiaketa hori haien hautagaien neurrira eginda.

Bai, Osasunbidearen barne funtzionamenduaren ikuspegi negargarria eman zidaten. Baina azken esaldiak, bederen, itxaropenaren atea irekitzen du, beraiek ere aldaketa gertu dagoela uste baitute. Gora bihotzak, ba!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!