Bihar, eguzkia

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2015ko api. 1a, 14:25

Zorionez, bigarren solairu batean bizi naiz eta bizilagunek oso denbora gutxi izaten dute nirekin eguraldiaz mintzatzeko.

Zoritxarrez, eguraldiak, solastatzeko gai gisa, igogailuetako bere ingurune naturala utzi du, eta orain edozein egoeratan hitz egiten ahal dizu edonork eguraldiaz.

Eta gogaikarria egiten ari da. Ez erran ezetz.

Iruñea Mordor dela. Ez dugula udarik izan. Iruindarrok eguzkia nondik ateratzen den ere ez dakigula. Eta abar. Eta abar.

Niri halakoek dagoeneko ez didate graziarik egiten. Gehiegitxo izaten ari delako. Uste usteletan oinarritzen direlako. Fokua aldaketa klimatologikoan jarriz, oharkabean aldaketa klimatikoa ezkutatzen dutelako.

Hala, aurreko batean, eguzki lotsatiaz enegarrenez kexatu zitzaidan koitaduari oldartu nintzaion eta ohiko erantzun topikoak bota ordez, klima aldaketari buruzko purrustada jaurti nion.

Luze joko luke errandako guztia hemen xehatzea, baina gorde itzazu buruan datu gutxi hauek, ziurrenik sortuko zaizun hurrengo solasaldian erabiltzeko.

Datuak biltzen dituztenetik, planetako 10 urte beroenak 2000. urtetik aurrera gertatu dira.
Planetako urterik beroena 2014 izan da.
Eta klima aldaketari dagokion berotze hori Iruñean ere nozitu dugu. Bai. Iruñea ez baita salbuespena. Azken neguen epeltasuna gogoratzea bertzerik ez dago.
Eta aldaketa klimatologikotik harago ikusten ez dutenei, gogora iezaiezu iragan martxoan hainbat arratsalde izan genituela 20 gradu baino gehiagokoak.

Eta egon lasai, biharkoan ere eguzkia aterako baita, laino artean ezkutatua bada ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!