Ohartarazi digutenez, Ebro eta Ega ibaiak gainezka egitear daude. Arga ere antzeratsu dabil, eta horregatik Iruñeko eta Burlatako udaltzaingoak esemeseak bidaltzen ibili ziren atzo: "EZ APARKATU uholde arriskuan dauden eremuetan".
Dirudienez, aste honetan euri asko botako du eta, berriz ere, ibaietako urak ibaietako inguruak hartuko ditu. Eta, akaso, baten bat asaldatuko da garajea aquarium bilakatuko zaiolako edota urek bere etxeko atea joko dutelako. Kox, kox, kox.
Eta libra nazala Poseidonek inori inolako gaitza desiatzeaz. Ez, ez, ez. Baina berriz ere gogoratu beharko da ibai batek hartzen duen eremua ez dela bakarrik normalean duen ur emariari dagokiona, baizik eta baita ur goraldiei dagokiena ere. Eta, beraz, uholde eremuetan eraikiz gero, arriskua dagoela eraikitakoa arriskuan jartzeko. Eta eraikin bat "babesteko" euste horma bat eraikiz gero, egiten dugun bakarra dela ur emariaren abiadura azkartzea eta arazoa ibaian behera bidaltzea.
Garai batean estolda moduan erabiltzen genituen ibaiak. Gaurko egunean, batez ere araztegiei esker, ezin erran estoldak direnik. Bai, ordea, ubideak; apenas gelditzen baitira porlanak ukitu gabeko ibai zatiak. Eta ubide bilakatuak ditugunez, nahikoa da ubide horretatik ur tanta batek gainezka egitea, asaldatzeko, sumintzeko, errudunak seinalatzeko, uholdeen kontrako neurriak hartzeko.
Baina ibaien kontra bizitzea ez da bizia. Ibaiekin bizitzen probatuko?