Nortasun agiria
María Luisa Mangado Cortes 1947an Iruñean jaio zen. Militantea gaztetatik, 60ko hamarkadako Iruñeko politika giroan sartuta jardun zuen, Euzko Basterran, oroz gain. Jokin Artajo eta Alberto Asurmendiren heriotzak markatutako belaunaldikoa da, bateko EGI eta besteko ETA. Erbestaldia ezagutu zuen, militante batzuk eta besteak. Iruñera itzulirik, euskara irakasle izan zen urte askoan, Iruñean eta Baztanen, batik bat. Parlamentari ere izan zen Nafarroan, eta esperientzia gazi-gozoz beteta dago, nahiz eta irribarrez ageri den beti edo gehienean, karrikan manifestatzen beti.
Pandemia aurretik hasi ginen esaten elkarrizketa egin behar genuela. Pandemia igaro zen, baina larri ibili zinen iaz, bihotzeko ebakuntza tarteko...
Balbula mitrala aldatu behar izan zidaten. Hasteko, nekea sentitzen nuen, batean arnasestua, bestean takikardiak. Halako batean, ekokardiografia egin zidaten, eta, egin ordukoxe, zirujia kardiobaskularrera bidali ninduten, lehentasunez. Balbula mitrala kasik deseginik nuen. Oroitzen naiz ebakuntza egin behar zidatela esan zidatenean galdetu nuela ea guztiz beharrezkoa zen, eta medikuak esan zidala: “Operatu, ala hil”. Kar, kar… Maiatzaren amaieran izan zen hori, eta, azkenean, uztailaren 4an operatu ninduten.
Bazenuen kezka, kirofanoan hilez gero, agindua zenuen hileta egiteko modua.
Bai, kirofanora sartzea beti da arriskua, eta bihotzeko kontuak direnean, orduan eta arrisku handiagoa. Egun batetik bestera operatu behar nindutela esan zidatenean, larritu nintzen. Seme-alabei esan nien ebakuntzatik bizirik ateratzen ez banintzen, familiaren panteoian ehorztea nahi nuela, hilkutxaren gainean ikurrina paratuta, eta Eusko gudariak kantatzea ere nahi nuela. Horixe zela nire azken nahia, ez nuela mezarik ez apaizik nahi nire hiletan. Kezka handiz sartu nintzen kirofanora, egia da, eta operaziotik esnatu nintzenean, horixe esan nuen lehenengoa: “Bizirik nago!”. Kar, kar…
“Bizirik nago!”, kar, kar...
Baina terriblea izan zen. Ebakuntza ikaragarria da. Gero, berriz, defentsak baxu nituela gelditu nintzen, hainbat egun egin nituen zaintza intentsiboetan. Sendagaiak hartu, eta bateko eta besteko ondoezak, eta hau eta hura. Luze jo zuen, baina orain oso ongi nago, elkarrizketa egiteko moduan! Kar, kar… Hala ere, ez naiz lehengoa. Lehen, hainbat dantza xinple egiten nituen, zazpi jauzi-eta, adibidez, baina orain ja ezin dut. Nekatu egiten naiz.
Bazen garaia! Euskal musika jaialdiak, Korrika, Aberri Eguna, Jokin Artajo eta Alberto Asurmendiren urteroko omenaldia, bateko eta besteko manifa-k… ez duzu bat huts egiten!
Horixe da nire bizitza. Abertzalea naiz, betidanik. Gure aitona Napartarrakoa izan zen, hemengo lehen abertzalea-edo. Nicolás Mangado Erze. Seme-alabak EAJkoak ziren, haien artean gure aita, EAJkoa eta euskaltzale amorratua. Ez zekien euskaraz, hitz batzuk besterik ez, baina euskararen aldekoa. Ama Leringoa genuen, ez zuen askorik esaten, baina badakigu beti gure alde eman izan zuela botoa. Senarrak esaten zuena, eta seme-alaba guztiok –sei neska eta mutil bat– esaten genuena
Jarraitu elkarrizketa osoa irakurtzen Argia aldizkarian.