Iker Bengotxea: "Euskararen normalizazioan, bikoizketak entzumena lantzeko onura handiak ekartzen ditu"

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2023ko mai. 31a, 18:49

Iker Bengotxea. Argazkia: Dani Blanco.

Euskarazko bikoizketa kinka larrian dago. Egunean hamalau ordu ematen dituzte gazteek, batez beste, pantailen aurrean. ETBk bikoizketa baztertu du azken bi hamarkadetan eta streaming plataformetako euskarazko eskaintza ez da %0,1era iristen. Iker Bengotxeak ahotsa eman die pertsonaia askori eta kontziente da zeinen onuragarria den euskara ahalik eta gehiena aditzea, gero euskaraz aritzeko. Zer entzun, hura ikasi.

Nortasun agiria

Iker Bengotxea Goya bikoiztaile, aktore eta kantaria da. Enpresa Zientziak ikasi zituen, Kultur eta Sormen Industrien Zuzendaritzan masterra egin zuen gero, eta gaur egun Nafarroako Antzokien Sarean eta Dantzaz Konpainian kudeaketa lanak egiten ditu. Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko kidea eta Sudurgorri Vocal Studioren sortzaileetako bat da. Bere ahotsa publizitate eta bideo korporatibo askotxotan entzuten dugu eta aktore eta kantari liriko bezala ere hainbat antzezlan, zarzuela eta opera saiotan parte hartu izan du.

Nolakoa izan zen zure hasiera?

Artista sena txikitatik izan dut, baina oso lotsatia naiz. Etxean musika asko entzun izan da beti eta familian musika beti egon da presente: aitona txistularia zen, Berako Josu Goia polifazetikoarekin harreman estua izan dut… Ikastolan txistuarekin hasi eta gero abesbatzara pasa nintzen. Umetan arrebarekin beti dantzan eta imitazioak egiten ibiltzen nintzen, baina gero jendaurrean jartzea asko kostatzen zitzaidan. Hala ere, 16 urte nituela kuadrillakoek Seihots taldea osatu zuten eta abeslari izatea proposatu zidaten, eta baietz esan nien.


Eta antzerkirako jauzia nolakoa izan zen?

Golden Apple Quartetekoek casting bat egin zuten haurrentzako antzerki musikal bat egiteko eta aurkeztu nintzen. Komediarako joera zuten abeslari aktore euskaldunak behar zituzten eta hor aukera bat ikusi nuen. Hautatu ninduten eta hiru muntaiatan aritu nintzen haiekin lanean. Hura izan zen nire aktore eskola.

Bikoiztaile gisa nola hasi zinen?

Bikoizketa beti gustatu izan zait. Madrilen ikasitako batzuek Iruñean bikoizketa eskola bat zabaldu zuten eta bertan eman nuen izena. Interpretatzea zen, baina itzalean, ez jendaurrean, eta horregatik ikusten nuen egokia niretzat. 2003an hasi nintzen pixkanaka euskarazko bikoizketetan lanean pertsonaia txikiak egiten lehenbizi eta handiagoak gero. Berebiziko espioiak, ETBn behin eta berriz ematen duten telesail bat, Happy Feet pinguinoa, Eragon, Animalia telesaileko Iggy iguana, edo One Piece eta Pokemon telesailetako kanten abeslaria ere izan nintzen, besteak beste. Garai hartan telesail batzuetan hartu nuen parte Madrilen eta tentazioa izan nuen han gelditzeko, baina niri euskaraz egitea gustatzen zait eta lan faltarik ez nuenez, hemen gelditzea erabaki nuen.

Jarraitu elkarrizketa osoa irakurtzen Argia aldizkarian

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!