Hainbat kulturgile, Navarra Sumak Hiriartea proiektua bertan behera uztearen aurka

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2019ko abe. 20a, 07:21

Hiriartea kultur garaikide zentroaren aurkezpena, joan den legealdiko irudian.

Iruñeko Udal Gobernuak Hiriartea kultura garaikideko zentroaren proiektua bertan behera uzteko erabakia hartu zuen azaroaren amaieran. Erabaki horren aurrean, “Utzi sortzen” ekimenaren bidez atxikimenduak jasotzen hasi dira proiektuak martxan segi dezan.

“Iruñean kultura garaikideko zentro publiko bat sustatzea ezinbestekoa dela uste dugu, batez ere, sektore prekarizatu eta egiturazko gabezia asko dituen sektore baten eskaerei erantzuteko duen ahalmenagatik”, irakur daiteke Hiriartea proiektuaren alde argitaratu duten testuan. Idatzia bultzatu duten kultura arloko langileen ustez, Iruñeko Udalak hartu duen erabakiak ez ditu kontuan hartzen hiriko sektore kulturalek dituzten beharrak. Ez hori bakarrik, “lehiaketa publiko bidez onartutako profil kualifikatuko lanpostuak” desagerrarazten ditu.

Herritarren atxikimendua galdegiten duen dokumentu honek adierazten duenez, kultura-proiektuek “egutegi politikoekin zerikusirik ez duten denborak behar dituzte”, baina Enrique Maya buru duen Udal Gobernuak ez du kultura “ondasun komun gisa” ulertzen, ezta “guztien eskubide gisa” ere.

“Administrazio publikoko beste sektore batzuetan, esaterako, osasuna, garraioa edo hondakinen kudeaketan erabakiak hartzeko duten autonomia bera eskatzen dugu kultura-politiketarako: Gai horretan adituak diren profesionalek planteatuak izatea, elkarri entzunez eta talde-lanaren bidez garatzea, eta ez dezatela gutun hau idazten dugun profesionalen sektorea gero eta ahulagoa egiten duten politikariek zuzendu”, dio “Utzi sortzen”-ek.

Hiriartea egitasmoa abian jarri zenetik, herritarren parte-hartzea izan da haren lehentasunetako bat: proiektuaren definiziotik hirian izango zuen txertaketaraino, herritarren ekarpenak jaso izan dira hainbat jardunaldi eta topaketa irekiren bitartez. Espainiako Estatuko beste lurraldeetako eragileekin lotura ere bilatu da eta, idatzia kaleratu duten kultura arloko langileen ustez, hori denari esker Nafarroako kultura-kudeaketan urtetan indarrean izan diren praktika “tradizional eta zaharkituekiko” diferentzia markatu duen egitasmoa izan da.

Dokumentuak dioenarekin bat egiten dutenek, https://dejadnoshacerutzisortzen.wordpress.com/utzi-sortzen helbidean eman dezakete atxikimendua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!