ARGIA salatu du Ertzaintzak hizkuntza eskubide urraketa baten inguruan informatzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2019ko ots. 5a, 19:49

Argazkia: Eskuinean ertzaina herritarrari gaztelaniaz identifikatzeko esanez, eta komisaldegira eramango zuela mehatxu egiten. (Irudia: ARGIA)

22125 eta 23044 gisa identifikatu diren bi ertzaintzek salaketa jarri dute Donostiako Instrukzioko 2. zenbakiko epaitegian, ARGIAko kazetari Lander Arbelaitzen aurka, joan den maiatzaren 21ean Donostian pertsona bati hizkuntza eskubideak nola urratu zizkioten grabatu eta zabaltzeagatik.

“Irainak” egotzita bide penaletik salaketa jarri diote eta martxoaren 20an Donostiako epaitegian deklaratu beharko du kazetariak. Ertzaintzak uztailaren 27an sinatutako gutun batean barkamena eskatu zuen hizkuntza eskubideak urratzeagatik egun hartan. Orain jakin da ordea, hizkuntza eskubidea urratu zioten pertsonari Mozal Legeaz isuna jarri eta gertatutako grabatu eta zabaldu zuen kazetariari salaketa jarri diotela.

ARGIAko kazetariak bideoan grabatu zuen hizkuntz eskubideen urraketa eta sareratu egin zuen. Bideoak milaka ikustaldi izan zituen eta arrabotsa eragin zuen komunitate euskaltzalean. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak salaketa jarri zuen ertzainek hizkuntza eskubideak urratu zituztela ebatzita. Uztail amaieran, herritarren hizkuntza-eskubideak urratu izana aitortu zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Jarraian gutuna osorik eta eskuinean pasarte batzuk nabarmenduta. Lotura honetan dokumentua PDFan kalitate onean.

Eskubide urraketa baten lekuko

Bi ertzainek jarri dute salaketa Lander Arbelaitz ARGIAko kazetariaren aurka. Salaketan epaileari adierazi diote egun horretan ez zutela inor identifikatu euskaraz hitz egiteagatik edo euskaraz hitz egiteko eskatzeagatik, baizik eta "Ertzaintzaren lana oztopatzeagatik”. Maiatzaren 21ean, eta bideoan ageri denez, Ertzaintzak ez zuen arrazoirik eman pertsona hori identifikatzean, nahiz eta inguruan zeuden herritarrek askotan arrazoiaz galdetu.

Ertzaintzak salaketan dio komunikatu gabeko kontzentrazioaren arduradunak identifikatu zituztela. ARGIAk sareratutako bideoetan (artikuluan beherago ikusgai) argi ikusten da Ertzainek lehendik ziztuztela identifikatuta arduradunak, eta gatazka linguistikoa ondoren eragin zutela. Eta hala, orduan identifikatu eta orain isundu duten pertsona da euskaraz mintzo zena eta ertzainei euskaraz hitz egiteko eskatzen zuena. Une hartan ia atxilotu zuten, identifikazioa euskaraz jasotzeko eskubidea zuela aldarrikatzeagatik.

Bideoan honako esaldiak erabiltzen dituzte ertzainek euskaraz mintzo zaien herritarrari erantzuteko: “Tú ya me entiendes en castellano” edo “a mí me da igual que te identifiques en vasco, no tengo ningún problema, o te identifico aquí o te identifico en base”. “Herritar bezala eskatzen det euskaraz eskatzeko eta identifikatuko naiz”, izan zen herritarraren erantzuna eta Ertzainak ondorengoa gehitu: “Me estás entendiendo perfectamente”.

Komisaldegira eramango zutela mehatxatu zuten –“primer aviso”–, baina azkenean, beste ertzain batek euskaraz eskatu zion identifikatzeko eta orduan bai eskura eman zion nortasun agiria. Segituan, euskaraz aritu den ertzainak gaztelaniaz soilik ari zenari eskura eman zion nortasun agiria. Eta identifikatutako pertsonari berriro esan zion “me estabas entendiendo perfectamente”.

Testuingurua: Donostiako borroka sozialen astean

Ernairen prentsaurrekoa bat zen Bizitza Da Handiena protesta sozialen astearen barruan. Donostiako turistifikazioa salatzeko, Elkano kalean eraikitzen ari ziren hotelaren atarian egin zuten agerraldia. Aste horretako ekimen gehienak bezala, instituzioei baimenik eskatu gabe egin zuten instituzioen jarduna salatzeko agerraldia kalean. Prentsaurrekoaren berri emateko hurbildu ziren kazetarietako bat zen ARGIAkoa.

Agerraldia hasita zela heldu zen Ertzaintzaren patruila bat. Agerraldiak bost minutu iraun zituen. Amaitutakoan, hitza hartu zutenak zutenak identifikatzera joan ziren ertzainak eta une horretan gutxienez pertsona bat identifikatu zuten. ARGIAk orain jakin duenez, pertsona horri ere Mozal Legea aplikatu zioten komunikatu gabe prentsaurreko bat egiteagatik kalean.

Ertzainak identifikazioak egiten hasi zirenean, inguruan zeuden kazetari eta herritar ugari egoera grabatzen hasi ziren. Telefonoarekin grabatzen hasi zirenak ere identifikatzeari ekin zioten ertzainek, eta horietako batzuk behin baino gehiagotan. Jendearen nortasun agiriak hartuta, zirkulu bat osatu eta erdian agerraldian hitz egin zuten hainbat lagun atxiki zuten. Arratsaldeko 17:00ak ziren eta ingurura gero eta jende gehiago biltzen hasi zen, orduan eta kamara gehiago gertatzen ari zena grabatzen, eta beraz, gero eta pertsona gehiago identifikatzen jarraitu zuten ertzainek, giroa are gehiago tentsionatuz.

20 bat minutuz luzatu zen bost minutuko prentsaurrekoa identifikatzeko operazioa.

ARGIAren bideoak

Azpian ikusgai dauden bi bideoak dira ARGIAk egun hartan grabatutakoak. Lehenengoan ikus daiteke erdian dauzkatela identifikatuta prentsaurrekoaren ustezko arduradunak, baita pertsona hauez gain grabatzen ari ziren beste hainbat pertsona ere identifikatu zutela, batzuk hainbat aldiz. 

Lehena amaitu eta hainbat minutura grabatzen hasia da bigarren bideoa. Ertzainek kazetariaren aurkako salaketan diote ez dutela euskaragatik identifikatu, antolatzaileak identifikatzen ari zirela baizik. 35. segunduan, pertsona batek ertzainei esaten die “nahikoa” dela, dagoeneko identifikatuta daukatela bera eta bere nortasun agiria badutela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!