Zergatik egin zenuten “A sus muertos” dokumentala?
Urte askoan jorratu dugu Erorien Monumentuaren gaia eta 2017ko urtarrilean Zer egingo dugu Erorien Monumentuarekin? izeneko jardunaldiak antolatu genituen Iruñeko Zer kolektiboaren eskutik. Eztabaida zabaldu eta pedagogia egitea zen helburua. Guk, ikus-entzunezkoak jorratzen ditugunez, gaiari buruzko dokumentala sortu genuen. Hirian zer eragina duen azaldu nahi genuen, artxibategiko irudiak eta herritarrei elkarrizketak uztartuz. Dokumentala jardunaldien irekieran proiektatu genuen eta ekaina aldera salaketa jaso genuen.
Fiskalak bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du zuentzat.
Bai, agerkari espainiar batek filtratu zuen prentsara. Leporatzen digute Mola eta Sanjurjo frankisten gorpuak zeuden kriptan kamera batzuk jarri eta baimenik gabe irudiak grabatu izana. 197.1 artikuluan oinarrituz, intimitatea urratu eta sekretuak argitaratu ditugulakoan, fiskalak bi urteko espetxe zigorra eta 12.000 euroko isuna eskatu ditu guretzat eta akusazio partikularrak bi urte eta erdiko espetxealdia.
“La Hermandad de Caballeros Voluntarios de la Cruz” talde polemikoa da akusazio partikularra.
Errekete soldadu ohien talde bat da. 1939an Iruñeko Apezpikua zen Marcelino Olaetxeak sortu zuen. Haien estatutuetan argi adierazten dute zein den taldearen helburua: beharrezko dena eginez, Espainia eta Jainkoaren aldeko gurutzadara Nafarroa eraman zuen izpiritua bizirik mantentzea. Esan dezakegu, 1939tik aurrera izan direla Erorien Monumentuko guardia pretoriarra. Haiek sustatu zuten monumentua egitea eta ondoren berau zaintzeaz arduratu dira. Han zuten egoitza, han egiten dituzte beren mezak. 1998an Udalak eraikin Nagusia bere gain hartu aurretik, mezak aldare nagusian egiten zituzten, ordutik monumentuko kriptan egiten dituzte. Emilio Molak estatu-kolpea abiatu zuela, Nafarroan uztailaren 19an zabaldu zen, eta horregatik erreketeentzat 19 egun handia da eta ermandadekoek hilabetero 19an egiten dute meza. Eta noski, uztailaren 19koan indar guztiak jartzen dituzte, jende gehiago joan dadin. Jende hau da salatu gaituena.
Iruñean memoriaren inguruko talde guztiek eta milaka pertsonak salatu dugu frankismoarekiko lotura hori.
Erakunde publikoek ere hala adierazi izan dute, ezta?
2015ean Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatu zion saiatu zedin ermandade horrek mezak kriptan egiteari utz ziezaion.
Baina jeneral frankista horien aldeko mezak egiten jarraitu dute.
Bai, beren pentsamenduan burugogor eta erradikalak dira. Pentsa. Mola eta Sanjurjoren gorpuzkinak kriptatik atera badituzte ere, mezak han egiten jarraitzen dute. Kontua da, artzapezpikutzaren ardura dela. Haiena da kripta eta haren kudeaketaren ardura. Salatu gaituen ermandadea kanonikoa da, Eliza Katolikoaren parte dira, Iruñeko Artzapezpikuaren menpekoa. Baina, noski, Artzapezpikuak anbiguetatez jokatzen du; meza horietan otoitz baino ez dutela egiten diote. Eta bai, otoitz egin egiten dute, baina bando jakin bateko hildako batzuen alde, Mola eta Sanjurjo frankisten hobien aurrean. Artzapezpikuak badu zer esana eta egina kontu honetan. Apezpiku batek sortu zuen ermandadea eta Artzapezpiku batek amaiera eman ahalko lioke, horretarako borondaterik balego, noski.
Nola bideratuko duzue zuen kasua?
Gure aldeko manifestu bat sortu dute eta hori mugitzen ari da egunotan. Eta hortik aurrera, epaiketa ondo lantzen zentratuta gaude. Epaiketaren ostean informazio eta iritzi gehiago zabalduko ditugu, baina momentuz defentsa ondo osatzeari ekin diogu.
Ez da lehen aldia adierazpen askatasunarekin lotutako gatazka baten erdian zaudena.
Bai, kasu potoloa izan zen 2007an Guggenheim museoan jarritako nire argazki-erakusketa baten harira. Kale borrokarekin lotutako argazki batzuk zirela eta, AVT eta PPkoek zarata sortu nahi izan zuten, nire argazkiak museotik ken zitzaten. Parlamenturaino ere iritsi zen, baina zorionez museoaren aldetik babes osoa lortu nuen eta erakusketa zegoen lekuan geratu zen. PPn Santiago Abascal izan zen sustatzaile nagusia, orain VOX alderdiko burua dena. Baina oraingo kasua urrunago heldu da, epaitegira eraman gaituzte eta.