Imarkoainen hondakinak tratatzeko planta handia eraiki nahi dute "modu ilun batez"

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2018ko urr. 10a, 16:00

"Gongora, zaborra ezkutatzen" dokumentalaren fotograma / @argia

Iruñerriko Mankomunitateak Elortzibarreko kontzeju horretan hondakinak tratatzeko planta eraikitzeko akordioa ez duela behar bezala iragarri dio Sustrai Erakuntzak, “ez delako inongo agiri publikotan agertzen”, eta herritarrek erabakiak hartzeko gaitasuna trabatu egin dela salatu du.

 

Joan den irailean, Noainen egindako ekitaldi batean iragarri zuen publikoki Aritz Ayesa (EH Bildu) Iruñerriko Mankomunitateko presidenteak hondakin organikoak, ontziak eta errefusa tratatzeko planta Imarkoainen eraikiko dutela, Garraioaren Hirian. Gongora zabortegian europar araudia hautsiz egiten diren tratamendu gabeko isuriekin amaitzea helburu.

Sustrai Erakuntzak azaldu duenez, erabaki hori non eta nola hartu den ikertzen aritu da eta ondorioztatu du “modu ilun batez” eraiki nahi dutela hondakinen planta berria, soilik “han-hemenka” jasotako informazioa lortu baitute, Mankomunitateko Batzorde Iraunkorraren akta batean zeharka egindako eskabideak esaterako. “Erakunde publiko batek akordio bat hartzen duenean, publikoki iragarri beharko luke”, dio.

Fundazioaren esanetan gaur gaurkoz ezin da jakin zein organok hartu duen planta eraikitzeko erabakia, noiz hartu den ezta zein azpiegitura eta ezaugarri aurreikusten diren ere. Horrek helegiteak jarri edo kexak azaltzea zaildu egiten du. Hala, “gardentasunez” jokatzeko eskatu dio Iruñerriko Mankomunitateari.

Eredu zentralizatzailerantz

Gaur egun Nafarroako hondakinen zati handi bat Tuterako El Culebreteko instalazio erraldoian tratatzen da. Iruñerrikoak ere –lurraldean sortzen den hondakinen %56– halako eredu zentralizatu batekin tratatu nahi dituzte Imarkoaingo planta handiarekin.

Sustrai Erakuntzak gogorarazi du eredu hori erabat kontraesanean dagoela Nafarroako Hondakinen Plana eztabaidatu zenean eragile ugarik aldarrikatu zuten instalazio txikien sarearekin, “hondakinak sortzen diren tokitik hurbil izatea eraginkorragoa” baita, hauen esanetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!