Amnesty Internationalen ondorioa, Altsasuko gazteen epaiketako behatzaile izan ostean: "Ez da terrorismoa"

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2018ko mai. 9a, 09:01

“Gertaera larriak dira eta erasotuek justizia merezi dute, baina ez da terrorismoa”, adierazi du Amnesty Internationaleko (AI) zuzendari Esteban Beltránek. Altsasuko zortzi gazteen aurkako prozesuaren zilegitasuna auzitan jartzen zuenez, AI-k bi ordezkari bidali zituen epaiketaren jarraipena egitera.

Erakundearen arabera, epaiketan ez dira betetzen Nazio Batuen Erakundeak edozein gertakari terrorismotzat hartzeko ezartzen dituen hiru baldintzak: “heriotza edo min fisiko larriak eragiteko nahia izatea, herritarrak ikaratzea, edo gobernu edo nazioarteko erakunde bat zerbait egitera behartzea”.

Beltránek eldiario.es hedabideari esan dio 2016ko urriaren 16an Altsasuko Koxka tabernan gertatutakoak inoiz ez zirela jo behar terrorismotzat. AI-k dioenez, epaiketara behatzaile bezala joan dira prozesuan hainbat elementu “kezkagarri” nabaritu dituztelako. “Elementu hauetako bat da terrorismo kontzeptua gehiegi zabaltzen duen legedia aplikatzen dela Espainian”, azaldu du.

Espetxealdiak

Auzipetutako hiruk urte eta erdi daramate espetxean, eta horrek ere arduratzen du erakundeko zuzendaria; izan ere, prebentziozko espetxealdia “ohiz kanpoko neurria” izan beharko litzake, bere ustez.

Horrez gain, AI-k bere ardura erakutsi du Concepción Espejelek zuzendutako epaimahaiak ez dituelako auziperatuen defentsak aurkeztutako “froga eta testiguak” onartu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!