Nafarroako Auzitegiak duela bi aste eman zuen epaiarekin oso kritiko agertu dira hiru epaileak, tartean Bilboko Auzitegian ari den Nekane San Miguel epaile arrasatearra; beste biak dira Lugoko Auzitegiko magistratu Dalila Dopazo eta Bartzelonako Auzitegiko Angels Vivas. “Ezinezkoa” iruditu zaie auzia sexu-abusutzat jo izana eta hiztegia pertsonei baino, gauzei dagoela zuzenduta adierazi dute. “Pertsona gehienentzat abusatzea gaizki edo gehiegi erabiltzea da, baina azken finean, erabiltzea; hiztegia ez dago pertsonei zuzenduta, gauzei baizik”. Hiru epaileen aburuz, hitz hori sexu-harremana onartu gabe izatearekin lotzeak Zigor Kodean “emakumeok gizonei plazera emateko objektuak izaten jarraitzen dugun seinale da”. Abusu hitzaren azpian dagoen ideia “oso mingarria” da edozein emakumerentzat, azaldu dute.
Milaka emakume kalera atera ziren epaia jakin ostean, haserre bezain suminduta. “Nik sinesten zaitut” asko entzun dutela adierazi dute, baina haien ustez, epaia eman zuten hiru epaileetatik bik ere kontakizuna sinetsi dute, emakumearen bertsioa zalantzan jarri zuten defentsaren argudioak errefusatu zituztelako: “Sinetsiko ez balizute, ezinezkoa izango litzateke epaian frogatutzat eman dituzten gertaerak idaztea”. Halaber, kaleko aldarrikapenekin bat egiten dutela diote eta akusatuei zigor handiagoa ezarri beharko litzaiekela adierazi dute.Viento Sur aldizkarian irakur daiteke gutuna osorik.
Bere aldetik, Espainiako Emakume Epaileen Elkartea den AMJEk ere komunikatua atera du auziaren sententziaren egokitasunaren gainean sortutako eztabaidaren eta sistema judiziala berrikusi behar delako aldarrien ondotik. “Emakumeok ez dugu nahi biktima izan, baizik eta protagonista” titulua daraman idatzian beraien hausnarketa plazaratu dute.
“Emakumeen diskriminazioa eta hauek gizonekiko daukaten desparekotasuna ez da zuzenketak eskatzen dituen anekdota bat, sistemikoa, orokorra eta estrukturala den zerbait baizik” dio elkarteak, botere publikoek egoera petatxatzera mugatzen den jarrera darabiltela salatuz, dagoeneko existitzen den arraila sakonagoa bilakatzea eraginez. Horren adibidetzat jotzen dute Kode Penalean sexu delituak nola jasotzen diren aztertzeko afera soilik gizonez osatutako batzorde bati esleitzea, gero, zuzenketa modura, sei emakume aditu gonbidatuz azterketan parte-hartzera, salbuespen neurri modura.
Hala bada, idatziaz baliatzen dira hurrengoak exijitzeko: elkarte eta instituzioek osaera parekidea izatea; zuzenbide alorreko langileek, batez ere genero indarkeria alorrari dagozkion kasuekin harremanetan egon ohi direnek, genero ikuspegidun formakuntza etengabekoa derrigorrezkotzat izatea; eta Biktimaren Estatutua bere osotasunean betetzea, biktimaren intimitate eskubidea errespetatuz eta berau erruduntzat jotzea edo bigarrenez biktimizatzea eragotziz.