"Ez naiz deseroso sentitzen Penélope Cruz aktoreak feminista dela esaten duenean"

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2018ko mar. 21a, 15:50

Zaloa Basabe. Arg: Argia. Dani Blanco.

Zaloa Basabe Gutierrez Iruñeko Udaleko Berdintasun teknikaria da. Erakunde honen izenean jaso zuen  Iruñeko Udalari emaniko Sustapen ekintzaren Argia Saria, Sanferminetan zabaldutako “Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske” estrategia komunikatiboarengatik.

[Argian irakurri]

Aspalditik mugimendu feministako militante izanik, duela bi urtetik Iruñeko Udaleko Berdintasun teknikaria da. Berdintasun bidean eta eraso sexisten aurkako borrokan erakunde publikoak eta herri mugimenduak eskutik lotuta joatearen onuraz eta beharraz mintzatu zaigu Udalaren bulego batean, Nafarroako presidente izandako guztien erretratuez inguraturik. Denak gizonak, bat izan ezik.

Zaloa Basabe Gutierrez (Deustu, 1978)

Kazetaria, literaturazalea,Txalaparta argitaletxeko nazioarteko literaturan editore izandakoa eta genero berdintasunean espezializatua. Hainbat komunikabidetan aritu izan da kolaboratzaile (Nabarra eta Euskalerria Irratia, besteak beste), genero aholkulari lana egin du urtetan eta 2016tik Iruñeko Udaleko Berdintasun teknikaria da. Erakunde honen izenean jaso zuen urtarrilean Iruñeko Udalari emaniko Sustapen ekintzaren Argia Saria, Sanferminetan zabaldutako “Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske” estrategia komunikatiboarengatik.

Nola hartu zenuten Argia saria?

Harriduraz eta pozez. Normalean Argia sariak komunikabideekin lotzen ditugu eta pozgarria izan zen ikustea nola balioan jarri duzuen egiten ari garen lan komunikatiboa.

Erakunde publikoak eta mugimendu feministak eskutik lotuta hasi dira lanean azkenaldi honetan. Hori mugarri bat izan da?

Mugarria ez dakit, baina ezinbestekoa bai. Egia da gaur egun ematen duela berdintasuna modan jarri dela. Batzuetan sentsazioa dut feminismoaren liluran bizi garela eta orain oso erraza dela feminismoaren alde agertzea, baina nik uste dut oso garrantzitsua dela zintzoa izatea eta gogoan izatea mugimendu feminista izan dela hamarkadatan lanean aritu izan dena eraso sexistak salatzen.

Egia da, duela gutxira arte nolabaiteko apurketa egon da erakundeen eta mugimendu feministaren artean. Erakundeak tresna bat baino ez dira, baina oso tresna eraginkorra, horregatik elkarrekin aritzen bagara denontzat hobeki.

Nola egituratzen da elkarlan hori?

Sanferminetako erasoen prebentziorako egiten den lanari dagokionez, ‘Sanferminetan berdintasunean’ izeneko taldea eratu genuen Udalak eta mugimenduetako ordezkariek, eta hor diseinatzen da kanpaina. Bai erakundeok bai mugimendu feministek dituzten mugak eta aukerak ezagutu eta errespetatu behar dira. Hori da abiapuntua.

Oro har, zein da Berdintasun eta LGTBI Alorraren eginkizuna?

Iruñeko Berdintasunerako Plana 2016-2022 da gure bide orria. Lau alorretan dago egituratuta. Lehena gobernantza eta berdintasunaren aldeko konpromiso politikoa da, Udalaren barne funtzionamenduari begira; bigarrena, emakumeak ahalduntzea eta balio-aldaketa sustatzea da; hirugarrena zaintza lanak, erantzukidetza eta bizitzaren zentralitatearekin lotua dago eta laugarrena indarkeriarekin. Urtero plan operatibo bat egiten dugu hori aurrera eramateko. Horretarako lantaldea handitu zen duela bi urte eta teknikari bakarra izatetik hiru izatera pasa ginen.

Eta aurten, zehazki zer duzue esku artean?

Lau alorretan ditugu lanak. Denak ezin kontatu, baina, esate baterako, LGTBI lerro bat dugu eta Iruñeko lehen diagnostikoa egiten ari gara orain. Gure helburua ez da soilik gizon-emakumeen arteko berdintasuna lortzea, baizik eta dauden desberdintasun guztiak ikusaraztea eta horretarako ikerketak ditugu bidean.

Memoria historikoarekin jarraituko dugu lanean, Iruñean izan diren emakumeak eta erreferenteak izan daitezkeenak ezagutarazteko. Emakumeen oroimen historikoak berreskuratzeko lantalde bat dugu “Iruñean emakumeak izendatu” izenekoa, eta hor parte hartzen dute Udaleko hainbat alorretako langileek, baita historialariek eta emakume taldeetako ordezkariek ere. Duela gutxi bideo batzuk egin ditugu, haien artean Remigia Etxarren Aranguren, funanbulista iruindarra eta Rita Aguinaga Viliato Iruñeko Orfeoiko lehen emakume abeslariaren bizitzen berri ematen dutenak.

Zer da berdintasuna?

Berdintasuna ez da uniformizazioa. Norberaren ezberdintasunetik abiatuta, eskubide, tratu eta aukera berdinak ziurtatzea pertsona guztientzat da berdintasuna. Eremu guztietan ematen diren botere harreman asimetrikoekin bukatzea izango litzateke. Batzuen pribilegioak desagerraraztea, guztientzako eskubideak bermatu ahal izateko. Nik uste dut berdintasun hitzaren esanahi hori zabaltzea lortu dugula eta orain marko kontzeptualean daukagun beste erronka bat dela feminismoarena. Oraindik batzuentzat badu estigma hitz horrek.

Argazkia: Dani Blanco.

Asaldagarria oraindik?

Bai. Gustatuko litzaidake sinestea ezjakintasunagatik dela, baina ez da horrela. Izan ere, askotan esaten digute pedagogia egin behar dugula, baina feministok badaramatzagu 200 urte pedagogia egiten eta erresistentziak hor jarraitzen du. Guk onartu ditugu gure diskurtsotara kontzeptu pila bat, lehen ezagutzen ez genituenak. Ez da jakinduria eza, erresistentzia baizik. Eremu pribatua auzitan jartzeari erresistentzia, eta eremu publikoan benetako eraldaketaren aldeko apustua egitearen beldurra.

Pedagogia egin behar izatea, orain toki guztietan erabiltzen den publikoaren komodina da?

Bai, eta horrekin batera paternalismoa. Askotan esaten digute moduak ere aldatu behar ditugula, haserre gaudela dirudielako. Bada bai, egia da, haserre gaude. Populazioaren erdia gara eta oraindik esaten dute ‘emakumeen kolektiboa’, talde bat bagina bezala.

Zintzotasunez jokatu behar dugu kontzeptuekin. Adibidez patriarkatua hitza. Duela gutxira arte oso arraroa zen diskurtso politikoan aditzea. Bietako bat: edo agintari publiko hori oso feminista zen edo oso despistatuta zebilen. Orain pixkanaka zenbait kontzeptu ari dira sartzen halako diskurtsoetan eta horrek badu bere garrantzi sinbolikoa.

Orain feminista agertzea modan egotea ona ala txarra da?

Batzuek uste dute feminismoak eduki dezakeen karga subertsiboa galtzen duela Penélope Cruz bezalako pertsona batek bere diskurtsoan erabiltzen badu, baina bestalde beti esaten dugu berdintasuna agenda politikoan sartu behar dela. Feminismoak egon behar du toki guztietan, horregatik ni ez naiz deseroso sentitzen Penélope Cruz feminista dela esaten entzundakoan.

Baina jendartean, gazteen artean bereziki, atzerapauso galantak ikusten dira maiz.

Hori gertatzen da hainbat lorpen sozialekin. Lorpenak erabat linealak direla eta aurrera goazela sinesteko joera dugu, baina hori ez da egia. Lan eremuan, esate baterako, begira zer nolako atzerapausoak eman diren. Gaur egun gazteekin badugu kezka. Gaurko gazteak hazi dira feminismo formal batean, berdintasunaren liluran. Guk, aldiz, alarma batzuk piztuta bagenituen eta identifikatzen genituen ezberdintasunarekin lotuta egon zitezkeen jokabideak; alabaina gure alarmek jada ez dute balio. Egokitu behar dira garaietara. Egungo gazteek jokamolde horien identifikazio arazo larria dute. Uste dugu aski dela hainbat eremutan neskak eta mutilak elkarrekin egotea, baina ez da horrela. Harreman afektiboez hitz egiten dugunean, adibidez, argi dugu maitasun erromantikoak zer nolako kalteak ekartzen dituen, baina uste dut ez garela gai izan beste erreferente batzuk, beste aukera batzuk, eraikitzeko. Gazte bati esaten badiozu egiten ari dena gaizki dagoela, baina alternatibarik ez badiozu ematen, edo beraiek eraikitzen dituzten alternatibei ez badiezu balorea ematen, zerbaitek huts egiten du.

Argazkia: Dani Blanco.

Zerk ematen dizu tripako mina?

Amorru handia ematen dit ikusteak zein erraz deslegitimatzen diren lan handia eginez eraiki diren diskurtso eta ideiak. Emakumeak beti epaitzeko dagoen joera ere izugarria da edo amatasunaren inguruan dauden diskurtsoak. Gaur egun, esate baterako, diskurtso esentzialistek zabalkunde handia dute, eko-ama onaren kontzepzio berria esate baterako (bularra ematea adin mugarik gabe, hazkuntza naturala…). Nik uste dut horiek ez dituztela kontuan hartzen gure baldintza material eta ekonomikoak.

Zu feminista eta hiru umeren ama zara. Zer esan nahi duzu amatasuna politizatu behar dela esaten duzunean?

Askoz kontzienteago izan behar dugula zer nolako inpaktua duen gure bizitzan ama izateak. Ikusi behar dugu zer egin behar den zaintzarekin. Erdigunean dagoena oso kontzeptu zaharra da, baina gaurkotasun handikoa: sexuaren araberako lan banaketa. Hori mantentzen den bitartean, beste guztia bost axola.

Bizitza pribatuaz eta bizitza publikoaz ez ezik bizitza intimoaz ere hitz egin behar dugu. Emakumeok intimitatea eta pribatutasuna nahasten ditugu dena etxeko eremutzat hartuz, eta eremu horretako denbora erabiltzen dugu etxeko eta zaintza lanak egiteko, kirola egiteko, gure formakuntza garatzeko, gure zaletasunak eta militantzia ekintzak gauzatzeko, eta abar. Arazoa da askotan etxeko lanei, zaintza lanei, lehentasuna ematen diegunez, denbora gehiena jaten dutela eta hortik datoz bestelako ondorioak: nekea, osasun arazoak, frustrazioak… Ona litzateke gure eremu propioa indartzea eta aintzat hartzea horrek gure eremu publikoan duen eragin handia.

Zer da komunikabideentzat prestatu duzuen dekalogoa?

2016ko sanferminetako bortxaketa inflexio puntua izan zen, jendarteak emandako erantzunagatik. Une horretan ikusi genuen beharrezkoa zela komunikabideei ere orientazio-bide batzuk ematea eraso sexisten gaineko albisteetan kontu har dezaten. Haiekin hausnarketa prozesua egin ondoren, dekalogo bat egin eta zabaldu genuen.

Hor esaten da, adibidez, eraso sexistak ez direla gertaera isolatuak, biktimen identitatea babestu behar dela kazetaritza edo informazio interesen gainetik, berbiktimizazio prozesuak ekidin behar direla, adituen iritziak bilatu behar direla informazio osagarri gisa eta ez kaleko edonorena, eta abar. Ulertzen dugu komunikabideek gure aliatuak izan behar dutela, baina ikusten dugu kontraesanezko jarrera dutela berdin ezker, eskuin edo zer pentsamoldekoak izanda ere. 

Harrigarria da komunikabide batzuek, adibidez, nola jarraitzen duten 2014ko txupinazoko irudiak ematen non neskak erdi biluzik ageri diren. Irudi horiek zaharrak dira, baina haiei bost. Badirudi errelatoa aurrez egina dutela eta ez dutela utziko errealitate berri batek hori aldatzen.

Programazioan ere aurrerapausoak eman dira eta parte-hartzea sustatu da emakumeak gero eta gehiago izan daitezen festaren protagonista, baina komunikabideetan zabaltzen diren irudiek segitzen dute erakusten mutila protagonista bezala, entzierroetan, mozkortzen… eta emakumea, aldiz, edo ez da agertzen edo objektu gisa aurkezten da.

Askotan saiatu gara honetaz hitz egiten haiekin, baina ez dago modurik. Nik uste dut ez dugula asmatzen. Amarillismoak asko saltzen du, patriarkatuak denean eragiten du eta aldaketa sakon eta egiturazkoak egin behar dira.

Kritika gutxien jasotzen ari den udal alorra da zuena?

Agian, baina nik uste dut dela gaizki ikusia dagoelako berdintasunaren aurka hitz egitea. Sinetsita nago askok ez dakitela ezta zer egiten dugun ere. Dena den, kritikak izan baditugu. Sanferminen ondoren, esate baterako, ia-ia egunero agertzen ziren iritzi artikuluak esanez beldurra zabaltzen ari ginela hiritarren artean.

Zertan gustatuko litzaizuke sakontzea, aldaketaren legealdiak jarraipenik balu?

Udalaren barneko gobernantza kontuetan, barne prozedurak eta kontratazio klausulak aldatu beharko lirateke, nire ustez. Horrek izugarrizko ondorioak izan ditzake etorkizunari begira. Horrekin batera, daukagun norabidean sakontzen jarraitu eta ematen diren urratsak atzeraezinak izan daitezela saiatu behar dugu. Beste erronka bat da festaren irudia bera aldatzea. Aisialdiari beste balore batzuk eman behar zaizkio eta asko pentsatu masifikazioaz, hirian daukan inpaktuaz, haur, adineko eta oro har bazterrean gelditzen diren pertsonen parte hartzeaz, emakumeen irudiaz… Gauza asko.

Konplexurik ez

“Uste dut ikuspegi feminista txertatzen hasi behar dugula gure politika publikoetan, inolako lotsarik gabe”.
 

Gizonen pribilegioak

“Berdintasuna sustatzeaz hitz egiten dugunean beti esaten dugu zer egin behar dugun emakumeok ahalduntzeko, gure eskubideak aldarrikatzeko. Oso nekagarria da. Zergatik ez dugu hitz egiten gizonen pribilegioez? Ea gizonek antzematen duten zeintzuk diren haien pribilegioak eta prest ote dauden uzteko. Emakumeen ahalduntze ahaleginean ez dugu ezer egiten gizonek beren pribilegioei eusten jarraitzen badute”.
 

Aldapan gora

“Feminista izateak ez digu ekartzen izugarrizko poza gure bizitzara, kontrakoa baizik. Etengabeko kezka, etengabeko eztabaida… ez da erosoa. Kokatzen zaitu errealitatearen aurrean oso modu kritikoan, etengabe. Hala ere, galderarik eta zalantzarik ez dutenek ez didate batere inbidiarik ematen”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!