Haserrea erakutsi dute Nafarroako Gobernuaren garapen ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdi eta Espainiako sustapen ministroak laster AHTa egiteko hitzarmena sinatu nahi dutelako.
900 milioi euroko gastua beharrezkoa ez dela salatu dute, hainbat arrazoiren artean. Besteak beste, hiri handietako biztanleak soilik izango dira erabiltzaileak eta trena geroz eta gehiago erabiltzen duten Tafalla edo Marcilla bezalako herriak bat ere gabe utziko dituzte. Sortuko duen hondamendi ekologikoa eta menpekotasun energetikoa azpimarratu dituzte.
Geroa Baik aurrera eraman nahi duena proiektua 2004an UPNk eta PSNk onartu zuten berbera dela salatu dute: Abiadura Handiko tren korridore berria. Baina, “herritarrak nahasteko, Prestazio Handiko Trenaz mintzatzen” dira eragileen arabera.
Inolako eztabaidarik ez eta ikerketa independenterik egin gabe aurrera aterako dela onartezintzat jo dute: “Parte hartzeari eta aztertzeari uko egite horrek eta orain arte aurrera eraman duten prozesu ilunak pentsarazten digute AHTa eraikitzeko motibazioa politikoa eta interes ekonomiko pribatuen ondorio dela”.
Hauek dira prentsaurrekoa babestu duten eragileak: Plataforma Ribera por el Tren Social. No al TAV; Asociación Zona Media Por el Tren / Erdi Aldea Trenaren Alde; AHT Gelditu Elkarlana; eta Sustrai Erakuntza Fundazioa.