LAB sindikatuak eman du horren berri. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2017-2018 ikasturteko irakasgaien eskaintza onartu berri du. Eskaintza Fakultateek eta Eskolek proposatzen dute. LABek dioenez, Erizaintza Eskolan bi irakasgai ematen dira gaur egun euskaraz, Biokimika eta Osasun Publikoaren eta Eritasunen Aurrezaintza. Bada, Biokimika ezingo da euskaraz ikasi hurrengo ikasturtean.
Dirudienez, Erizaintza Eskolako zuzendariaren nahia Biokimikan gaztelaniazko bi talde egotea zen, baina unibertsitateko Gobernu taldeak ikasle nahikorik ez duela erantzun dio. Konponbidea euskarazko taldea ezabatu eta ikasleok gaztelaniazko taldera pasatzea izan da.
Erizaintza da NUPen ikasle euskaldun gehien dituen (%45) gradua. 2017-2018 ikasturtean irakasgai bakarra izango dute euskaraz.
LABek ondoko hiru eskaerak egin ditu:
-“Erizaintza Eskolari, eta modu zehatzean bere zuzendariari exijitzen diogu Biokimika irakasgaia hurrengo ikasturterako berriro euskaraz eskain dezan.
-NUPeko Gobernu taldeari dei egiten diogu egin beharreko gestio guztiak egin ditzan aipatutako irakasgaia hurrengo urtean Erizaintzako ikasle euskaldunek euskaraz jaso ahal izateko.
-Gobernu taldeari dei egiten diogu NUPeko azkeneko Plan Estrategikoan aipatzen den Euskararen Plan Gidaria onartu dezan, Plan honek ikasle eta oro har, pertsona euskaldun guztion hizkuntza eskubideak bermatu beharko ditu, idatzi hau eragin duen bidegabekeria sekula santan berriro gerta ez dadin”.