Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Abel Barriola: "Jendearen arreta bukatuko da, baina hori azken finean egoa da"

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017-05-08 07:54   Kirola

38 urterekin eta horietatik 19 profesional aritu ostean, Leitzako pilotariak agur esan die frontoiei. 

Abel Barriola: "Jendearen arreta bukatuko da, baina hori azken finean egoa da"
"Kirol profesionalean beti izango dira lesioak, zure gorputza limitera eramaten duzulako eta modu batera edo bestera hausteko aukera gehiago dituzulako". | Ikusi handiago | Argazki originala

Elkarrizketa ARGIAtik hartua. Kazetaria: Mikel Garcia Idiakez @mikelgi

Bolada batez eskuko lesioek kantxatik aldendu bazuten ere, Buruz burukoa, Lau T’erdikoa eta Bikotekakoa irabaztea lortu dutenen klubekoa da Barriola (Retegi II, Arretxe I, Martinez de Irujo, Olaizola II, Urrutikoetxea eta Bengoetxea VI.arekin batera), baina batez ere, jokalari eta pertsona maitatua da atzelaria. Maiatzaren 7an du azken hitzordua zaleekin, Donostiako Atano III pilotalekuan.

Bilbo, Leitza, Iruñea, Eibar… Zer moduz doa despedida-tourra?
Ez dugu enpresak eta biok antolatu, bidean atera den zerbait izan da: hainbat federaziok agur partiduak nahi zituzten frontoi batean eta bestean, eta egia da une hunkigarriak bizitzen ari naizela. Sentimendu asko dago tartean.

Urteotan guztiotan, zaleen errespetua eta miresmena irabazi dituzu, oso pilotari maitatua eta estimatua zara. Hala sentitzen al duzu?
Maitasuna beti nabaritzen da. Pilotan oso polita da txapelak irabaztea, horretarako egiten dugu borroka, baina nire ibilbidetik zerbait aukeratu behar izanez gero, gehien betetzen duena zaleen errespetu hori da, maitasun hori. Asko eskertzen diet eman didaten babesa.

Kontratua luzatzeko aukera zenuen, baina uztea erabaki duzu. Dena ez da dirua…
Ez, dena ez da dirua. Jakina dirua inportantea dela, nik ere gustuko dut, baina horren gainetik beste gauza batzuk daude. Denak du hasiera eta bukaera, eta niregatik lehenengo eta pilotazaleagatik bigarrenik, nire bizitza izan den pilotak merezi zuen momentu onean uztea, goi mailan uztea. Erabaki oso zailak dira, baina naturaltasunez hartu beharrekoak; jakin behar da ibilbide bat bukatzen eta beste norbaiti tokia uzten.

Eliteko kirola uztea eta bizimodua guztiz aldatzea gaizki daramate batzuek. Andoni Imaz futbolari ohiak hala esan zigun: “Famara eta dirura ohitu gara urte askotan, eta bat-batean diru-iturria eten egiten da eta fokuak itzali, ez zara maitatua sentitzen”.
Beste alde hori, pilotaren ondorengo bizitza, oraindik ez dut ezagutzen, baina bizitzari aurre egiteko gauza asko irakatsi dizkit pilotak, eta trantsizioa egiteko prest nagoela iruditzen zait. Badakit frontoiak faltan botako ditudala, baina aldi berean oso pozik begiratzen diot etorkizunari. Profesionalki beste lan batean hutsetik hasteak kezka sortzen didan arren, ilusio ikaragarria daukat beste zerbaitetan hasteko. Jendearen arreta bukatuko dela eta telebistan ez naizela aterako? Ados, baina hori azken finean egoa da, eta kirolak pertsona eta pertsonaia ezberdintzen ere irakatsi dit.

Xala bezala Asperen aurka epaitegietan ikusiko al zaitugu orain?
Ez, arlo guztietan bukaera ona eman nahi diot pilotari, baita enpresarekiko harremanean ere. Kontu horrek pena eman dit, Xala pilotari ikusgarria izan delako eta amaiera hori ez dut uste ona denik, ezta pilotarentzat ere. Beraien artean zehatz zer daukaten ez dakit, lan kontuetan gertatzen diren gauzak dira batzuetan eta espero dut bi aldeentzat konponbide on bat lortzea.

Zuri ere entzun izan dizugu Ligaren funtzionamenduari buruzko kexaren bat edo beste. 2011n esaterako, ezin izan zenuen Bikotekako finala jokatu, lesio batengatik eskatutako atzerapena ez zizutelako onartu. Zenbat aldiz asaldatu zara, Enpresen Ligaren erabakiekin?
Pilotan bakarrik ez, lanbide guztietan daude hobetu beharreko kontuak. Enpresek kirolarioi edota zaleei zuzenak iruditu ez zaizkigun erabakiak hartzea gertatu da, eta ondorioz kexatzea; balio dezala horrek guztiak pilota hobetzen jarraitzeko eta erabakiak hartzerako orduan kirol irizpideek lehentasuna izan dezaten.

19 urtetan, asko aldatu al dira gauzak? Adibidez, eta beste kirol profesionalekin alderatuta, modernizatzen eta egokitzen jakin al du pilotak materialean, prestakuntza fisiko eta psikologikoan… ala tradizioari lotuegi ikusten duzu?
Ez dut uste aurrerapenak eta tradizioak bide ezberdinak eraman behar dituztenik, aurrerapen oso onak egin daitezke tradizio batzuk mantenduz eta beste batzuk ez. Urteotan, pilotaria bera, entrenatzeko modua, prestakuntza fisikoa, elikadura… berdin mantendu dira, baina bai aldatu dira adibidez materiala (pilotak askoz azkarragoak dira orain), eskuen babesa (makina bat tako mota duzu gaur egun) edota osasunari lotuta fisioterapia, ebakuntzak…

Babesa eta fisioterapia hobeak izan arren, lesioak ez dira desagertu.
Kirol profesionalean beti izango dira lesioak, zure gorputza limitera eramaten duzulako eta modu batera edo bestera hausteko aukera gehiago dituzulako. Ezin da esan kirol profesionala %100 osasungarria denik. Eliteko kirolaren parte da eta nik uste kirolaria horretarako mentalizatuta dagoela. Hobekuntzak batez ere errekuperazioan eta errehabilitazioan egin dira.

Tradizioak mantentzeaz ari ginen. Apustuen tradizioari eutsi dio pilotak; mundu arriskutsua ez al da?
Bizitzako plazer guztien moduan, neurria da gakoa eta bakoitzak ikusiko du non dagoen muga. Behin entzun nuen apusturik ez egitea tontoena dela, eta gehiegi egitea, eroena.

Urteotan aldatu ez den beste zerbait: Asegarce eta Asperen esku dago Liga. Enpresa gehiagoren parte-hartzeari ateak ireki beharko al lizkioke eskupilotak?
Zenbat eta enpresa gehiago izan eta zenbat eta irekiago, orduan eta positiboagoa da pilotarentzat. Enpresak ez daude dirua galtzeko eta logikoa ikusten dut enpresek dirua irabazi nahi izatea, baina bai, polita eta onuragarria litzateke merkatua irekiagoa izatea.

Pilotak azkarragoak direla aipatu duzu. Espektakulutik gehiago al du pilotak orain?
Pilota azkarragoak helburu horrekin sortu ziren, aurrelariek erremate gehiago eta gantxo eraginkorragoak egiteko. Alde onak ditu eta ez hain onak, adibidez eskuz banaka gaur egun botera jokatzea ezinezkoa da; nahitaez airez jokatu behar duzu. Izango dira zaleak duela 20 urteko jokamoldea nahiago dutenak eta aldiz beste batzuk egungoa gustukoago dutenak, baina lehengo pilota eta oraingoa ez dira hain ezberdinak eta biak ere espektakularrak dira.

Aurten Emakumeen Master Cup txapelketa jokatu da lehen aldiz. Aurrerapausoa, emakumeen eskuzko pilotan?
Dudarik gabe. Lehengoan pilota eskola batean izan nintzen eta neska dezente ari ziren bertan. Poza eman zidan; kirol honetan neska eta emakume gehiago ikustea oso positiboa da bai pilotarentzat, bai gizartearentzat.

Duela 10 urte elkarrizketatu zintuguneko zure hitzak: “Lehiakortasuna tartean denean, lagun minak izatea zaila da”. Lagun minik eramango al duzu aldageletatik?
Bai, asko. Normala da irabaztera zoazenean aurkariaren eta bion artean lehiakortasuna sortzea, baina lehiakideak lagun bihurtzen dira gero, eta pilotatik daramadan gauzarik politena hori da: nirekin eta nire aurka jokatu duten kideak, etorkizunean mantenduko ditudan lagunak.

Aldagelez ari garenez, dirudiena bezain euskalduna al da pilota? Euskaraz mintzatzen al zarete zuen artean?
Oro har bai, pilotari gehienak euskaldunak garelako eta euskara dakigunon artean euskaraz aritzen garelako. Azken finean, euskal kirol bat da, euskaldunak elkartzen gaituen kirola.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa