Kattalingorri (LGTBI): "Garrantzitsuena zera da, gobernuak zer nahi dugun adierazteko aukera eman digula"

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Letona @xletona 2016ko abe. 21a, 14:52

Argazkia: LGTBI mugimenduaren manifestazio bat Iruñean.

Aurreko gobernuetan LGTBI politikak ez dira agenda politikoan egon Kattalingorriren esanetan eta egun, aldiz, politika mota hauek aktibatu egin dira.

Nola baloratzen duzue Nafarroako Gobernuak 16 hilabetetan zuen esparruan egin duen lana?

Argi dago gobernuak LGTBI kolektiboarekin izan duen jarrera gertua izan dela. Gertutasuna erakutsi dute eta hasieratik gurekin eseri eta hitz egiteko prestutasuna adierazi dute. Guk geuk historikoak izan diren aldarrikapenak azaldu dizkiegu eta orain arte egin ditugun prozesu politikoak kontutan hartu dituzte; baina garrantzitsuena zera da, zer nahi dugun adierazteko aukera eman digutela. Aurreko legegintzaldietan mugimenduok egindako lana, batez ere, aldarrikapenezkoa izan da soilik. Denbora horretan, gutxi izan dira administrazioek egindako ekintzak, eta urriak eskaini dizkiguten baliabideak.

Aurreko gobernuetan LGTBI politikak ez dira agenda politikoan egon. Egun, aldiz, politika mota hauek aktibatu egin direla esan dezakegu. Dena den, LGTBI politiken ibilbidea oso eskasa da. Honekin esan nahi duguna zera da, sexu aniztasunaren bisibilizazioa kolektibook egin behar izan dugula eta administrazioaren papera tolerantzia pasiboa izan dela. Kolektiboek (EHGAMek batez ere) 90. hamarkadaren bukaeran gogoeta sakonak egin ondoren, sexu aniztasunaren gaia lantzerako orduan administrazioak parte aktiboa izan behar zuela ondorioztatu genuen. 2000. urtean Iruñean sortutako Kattalingorri elkartea aldarrikapena eta laguntza uztartzeko helburuarekin sortu genuen arreta espezifikoa emateko eta gizartea sensibilizatzeko alegia. 16 urte igaro ditugu prekarietate hutsean murgilduta eta orain, gobernuan eman den aldaketaren ondorioz, LGTBI politikak aktibatzeko lehenengo mekanismoak sortu dira.

Zuen esparruan nora heldu beharko litzateke Gobernua gelditzen zaion legealdi denboran?

Alde batetik, gure asmoa Gobernuarekin izaten ari garen interlokuzioa indartzea eta kanal berriak sortzea da eta bestetik, autonomoa izango den eta eroso sentitu ahalko garen esparru bat administrazioan izatea. Bestela esanda, LGTBI eremu, esparru eta arlo espezifikoa sortzea.

Era berean, transexualitateak dakartzan konplexutasunei heldu behar zaie eta trans kolektiboak dituen ezagutza eta jakinduria aurrez aurre azaldu behar dira, hau da: klinika eta biografiek jarrera ulerkorrago bati heldu beharko diote lazkeria leundu ahal izateko.

Kasu batzuetan transexualitate prozesuari heltzeko egiten diren diagnostiko klinikoek ondoeza dakarte. Zentzu honetan, hemen bada zer egiterik, eta klinikak gogoeta sakona egin beharko luke. Bide honetan, trans kolektiboei hitza eman behar zaie malgutasunari eta despatologizazioari heltzeko.

Gobernuak LGTBI esparrua eta politikak finkatu behar ditu, esan den moduan mekanismoak aktibatu behar dira planteatu ditugun estrategiak sustatzeko.

Jarriko diozu nota bat Gobernuari 0tik 10era?

Zortzi.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!