Iruñeko Alde Zaharrean haur eskola euskaraz aldarrikatu dute Iruñeko euskalgintzak, ELAk, LABek, Steilasek, Sasoia elkarteak eta hainbat bizilagunek. Horretarako agerraldia egin dute azaroaren 21ean Iruñeko San Frantzisko eskolako atarian.
Iruñeko euskalgintzako Garikoitz Torregrosak azaldu duenez, urteak daramatzate haur eskolak euskaraz nahi eta behar dituztela aldarrikatzen. Egindako lanari esker Iruñeko Udalak euskarazko eskaintza bi eskoletara zabaldu duela ere esan du, Donibanera eta Arrosadiara. Baina “oraindik ere injustiziak badirauela” adierazi du, “hizkuntza eskubideen urraketak badirauelako”.
Horren harira, Alde Zaharreko bizilaguna den Joseba Beramendik azaldu du Nafarroako Gobernuaren eskumenekoak diren bost haur eskoletako bakar batean ere ez dela euskarazko eskaintzarik egiten. Egoera hori “larria eta salagarria” dela adierazi du, eta alor horretan “UPNk eskaintzen zuen berdinarekin jarraitzen dutela” salatu du.
“Alde Zaharrean haur eskola euskaraz” plataforma sortu zuten 2011n. Hainbat ekimen, agerraldi eta sinadura bilketa egin zituzten, baina UPNk “beste alde batera begiratu” zuela azaldu du Beramendik. 2016ko martxoan Parlamentuko Hezkuntza Batzordean landu zuten gaia, eta ekainean Arartekoarekin izan ziren, baina “aldaketarik ikusi ez dutenez”, mobilizazioei ekin dietela adierazi du.
Hainbat ekimen jarri dituzte martxan. Sinadura bilketari ekin zioten azaroaren 21ean, eta sinadurak jaso ahal izango dira ere azaroaren 24an San Frantzisko eskolan, 29an Mercaderesen, eta modu iraunkorrean Campion euskaltegian, Iruñezar euskaltegian eta Karrikiri euskal dendan. Horrez gain, atxikimenduak biltzeko eragileekin jarri dira harremanetan, eta internet bidez ere egin daiteke emanbidea.blogspot.com.es webgunean.
Kanpainan zehar jasotako sinadura eta atxikimenduak Parlamentura eramango dituzte. Horretarako, jende katea osatuko dute abenduaren 13an arratsaldeko 17:00etan, Nuestra Señora de Los Ángeles haur eskolatik Parlamentura.