Bertako ekoizle txikiek eskaintzen digutena kontsumitzeak gure bailara eta herriei bizitasuna ematen dietela ezin uka. Bide hori sustatzeko sortu zuten Iratiko Ekoizpenak kooperatiba, Aezkoan (Nafarroa).
Kooperatibak Orbaran dauka lokala. Taberna eta jatetxe zerbitzua dute, baita beren produktuak saltzeko denda ere. Kontratatutako bi bazkide langileez gain, bestelako bazkideen ekarpenekin funtzionatzen du kooperatibak: proiektua babesten duten bazkide laguntzaileak zerbitzuen bazkide diren nekazari edo abeltzain autonomoak, eta kontsumo bazkideak. Beren produktuen eraldaketarako kooperatibako sukaldea erabil dezakete azken horiek. Lan hori bertan eginda, osasun-baimen eta zigilu propioarekin merkaturatu ditzakete produktuok ekoizleek.
Hori da Nafarroako Pirinioetako produktuak sustatzeko kooperatibak bultzatu duen zigilua: Iratiko Xakiak. Aezkoa, Erroibar, Artzibar eta Luzaideko bailaretan ekoiztutako nekazaritzako elikagaiak eta produktu artisauak biltzen ditu markak.
Bertako produktuen babesetik harago, bultzatzaileek bailara horietako bizitzaren aldeko apustua ikusten dute proiektuan. “Bada aukerarik herri hauetan bizitzeko, bertan lan eginez, eta ez lotarako soilik erabiliz”. Turismoari begira ere ate asko zabalik daudela diote kooperatibako kideek, orain arte ez baita ia bertako produktuen eskaintzarik egon turista dezente jasotzen dituen inguru horretan.
Udalbiltzaren “Euskal Pirinioetan lan eta bizi” programan aukeratutako proiektuetako bat izan zen Iratiko Ekoizpenak kooperatiba. Elikagaien eraldaketarako enpresaren ideia buruan zeukaten hainbat bizilagunek lehenagotik, baina programak emandako diru-laguntza ideia proiektu bihurtzeko behar zuten bultzada izan zen.
EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:
FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.
Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.
Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.