Agur Nafarroako ubidearen Bigarren Zatiari

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Letona @xletona 2016ko ira. 19a, 08:23

Ez da egingo Nafarroako ubidearen Bigarren Zatia (71 km, Pitillas-Ablitas), ez behintzat hasierako proiektuak aurreikusten zuen gisan, aire librean, Ebro eta Aragoi ibaik gainditzeko sifoi erraldoiak eginez eta ezaugarri konplexu haiekin.

Baina egingo da? Hori ere ez dago garbi. Aldaketaren Nafarroako Gobernuak iragarri zuen urte amaierarako egingo zuela Erriberako hegoaldeko eskari eta beharrei buruzko azterketa. INTIA enpresa publikoa egiten ari da lan hori eta urte amaierarako aurreikusten da emaitzak izatea.

Nafarroako ubidearen egungo errealitatea sakon jorratzen du LARRUNek datorren astean ARGIArekin batera argitaratuko den zenbakian; bertan egin ditu adierazpenok Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko zuzendari nagusi Ignacio Gilek.

Gilen esanetan, behin azterketaren emaitza ikusita, 2017an partehartze prozesu sakona egingo da herritarren artean, eta bereziki nekazarien artean. UPNko gobernuaren moldeak ere hautsi nahi dituzte: “Ez ditugu lehenik hodiak jarriko eta gero hitz egitera joan”. Debatearen ondoren, ubidearekin zer egin erabakiko du Gobernuak, baina Gilek aurreratu du jada, mahai-gainean egongo direla “bai ubidea bai beste alternatiba batzuk”.

UPN, PP eta PSNren asmo zaharra da Nafarroako ubidearen Bigarren Zati hau eta honen bidez Erriberako hegoaldea urez hornitu nahi zen. Itoizko urtegia eta ubide honen aurka agertu diren eragileek beti aipatu dute ongi dela Erribera urez hornitzea, baina horretarako ez dela behar halako proiektu erraldoirik.

Nafarroako ubidearen Lehen Zatia (98 km, Agoitz-Pitillas) amaitua dago jada. 2012an Lehen Zatiaren Hedapena (21 km, Arga-Ega arroetan) eraikitzen hasi zen eta 2019rako amaitzea aurreikusten da. CANASA enpresa publikoa arduratzen da bere kudeaketaz eta azken bi urteetan galera handiak egin ditu, 2014an 8,6 milioi euro galdu zituen eta 2015ean 10,4 milioi. Galera hauek ikusita, Gobernuak behin baino gehiagotan adierazi du zentzuzko zerbait egin nahi duela, administrazioarentzat eta nekazarientzat jasangarria izango den zerbait.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!