UPNk "baldintza ideologikoak" ezarri zituen Nafarroan ETBren seinale digitala jasotzeko

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2016ko uzt. 5a, 11:20

Miguel Sanz eta Patxi Lopezen gobernuek bilera egin zuten Gasteizen 2009ko ekainean eta haren aktak adierazten du UPNk aldaketa ideologikoak eskatu zituela ETB Nafarroan ikusi ahal izateko.

Eguraldiaren mapa izan da UPNk erabili ohi duen argudio sinbolikoa ETB Nafarroan ikustea eragozteko. Hortaz baliatu da urteetan esateko EITBk ez zuela Nafarroako errealitate instituzionala errespetatzen. Argudio hori bera izan zen bileraren ardatza. Lopezen aholkulari eta komunikazio arduradun Andoni Unzalu eta UPNren Gobernuko komunikazio arduradun Joaquín Ortigosa bildu ziren Gasteizen hitzarmena jorratzeko.

Maparen aldaketa eskatzeaz gain, bilera hartan Ortigosak informatiboetako kolaboratzaileak ere aldatzea proposatu zuen eta Diario de Navarrako bi kazetarien izenak ere iradoki zituen. ETBk Nafarroarako egiten duen Navarra Directo saioa kentzea ere aipatu zuen, honek  “nazionalismoaren alde nabarmen egiten zuelako”. Adibide gisa jarri zion azken hauteskundeetan Uxue Barkos eta Patxi Zabaletaren alde egin zutela. PSE-EEko ordezkariak erantzun ei zion EITBko arduradun berriek informatiboak “profesionalizatu” behar zituztela. Ortigosak erantzun zion ez zuela ezagutzen Espainian gobernuzalea ez zen telebista publikorik.

Tarteko eskaintza gisa, Eusko Jaurlaritzak “ETB2ko ordu bat” eskaini zion Nafarroako Gobernuari, “honek nahi zuen programa egin zezan ordutegi on baten”. Erakargarria egin zitzaion Ortigosari, baina arriskugarria ere bai, “ETBren zati txiki bat onartzean, Euskadiren zati txiki baten gisa agertu gaitezkeelako”. Beste arazo bat ere azpimarratu zuen: “Legebiltzarrak saioak fiskalizatu nahiko lituzke navarrista eta elebakar izan ez daitezen”. “Kolaboratzaileen mapa ere aldatzea” eskatu zuen Ortigosak “eztabaidetan nabarrismoa ez dagoelako ordezkatua”. Unzaluk ongi hartu zuen proposamena eta “HBrekin harremanak zituztenak” kentzeko borondatea agertu zuen.

Noticias de Navarra egunkarian Ibai Fernandez kazetariak sinatutako albistean ematen da bileraren berri. Eduki hauetako gehienak, dena den, ez ziren hilabete beranduago sinatutako hitzarmenean jaso. Hitzarmena ez zen inoiz indarrean sartu, egunkariaren esanetan “desadostasun ekonomikoengatik” eta “borondate politiko ezagatik”, eta EITBk seinale analogikoarekin jarraitu behar izan zuen Nafarroan.

Uxue Barkosen Gobernuak bideratu zuen azkenean seinale digitala jaso ahal izatea, baina, UPNk jarritako salaketaren ondorioz, iragan maiatzean Industria Ministerioak seinale digitala bertan behera uzteko agindu zion EITBri. Uztailerako telebista-irrati zerbitzuei buruzko hitzarmen berria iragarri dute Nafarroako Gobernuak eta EITBk.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!