Nafarroan 2015-2025erako hondakinen plan nagusi (PIGRN) berria idazteko prozesua amaitzear denean, zenbait eragilek bere kezka azaldu du Gobernuko ordezkariren batek berriro mahai gainean ipini duelako hondakinen parte bat erraustea. Hondakinen kudeaketan aspalditik erreferentzia den Compañía de las 3 Erres elkarteak argitasunak eskatu dizkie agintariei.
Plan berriaren lehen zirriborroak ko-errausketari –porlan fabriketan errausteari– atera erabat ixten ez ziola eta, eztabaida lanetan hasieratik azaldu dira errausketa ororen aurka Nafarroako erakunde eta instituzio gehienak. Baina eskualdekako bilerak bukatzear direnean, Gobernuko goi karguek berriro jarri dute mahai gainean, Compañía de las 3 Erresek jakinarazi duenez.
Compañía de las 3 Erreseko kideek, errausketak Nafarroako plan berrian lekua edukitzeak kezkatu dituen herritarrekin solidarizatzeaz gain, argibideak eskatu dizkie agintariei: “Errausketari edo ko-errausketari dagokionez, garbi geratu zen Nafarroan [planaren prestaketan] parte hartzen genuenotatik inor ez zegoela horren alde, alderantziz baino. Argi eta garbi esan zitzaion EZETZ Nafarroan errausteari eta baita ere EZETZ beste komunitateetara Hondakinetatik Eratorritako Erregaiak [CDR gaztelaniazko sigletan] erraustera eramateari”.