Aldaketa txikiak Nafarroako euskalgintzaren patriketan

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Letona @xletona 2016ko mai. 25a, 13:56

Argazkia: Kontseiluak ekainaren 4rako antolatu du manifestazioa Iruñean Nafarroako Gobernuari euskararen aldeko urrats sendoagoak eman ditzan eskatzeko. Sostengu eta presio, biak uztartuko dira hiriburuan.

Aldaketaren Gobernuak gehiago egingo zuela uste zuten Nafarroako euskaltzaleek, diruari dagokionez behintzat nabarmen gehiago. Urrats garrantzitsuak egin direla ere ezin uka, esanguratsuena D eredua “eremu ez euskaldunera” zabaltzearena. Baina askoz gehiago behar da, hori adieraziko du euskalgintzak kalean ekainaren 4an.

Txerri goseak ezkurra amets, dio esaera zaharrak eta txerriak laster jango du kilo bat ezkur, asetzeko hamar beharko baditu ere. Nafarroako euskalgintza gosez amorratua dago oso aspaldi, bestelako politiken zain, eta hauek bestelako aurrekontuak ekarriko zituztelakoan. Usteak erdi ustel, ordea. Nafarroako Gobernuak 2,1 milioi euroko aurrekontua bideratu zuen Euskarabidera 2015ean eta aurten 4 milioi euro.

Ehunekotan igoera ez da txantxetakoa, ia ehuneko %100ekoa, baina oinarria hain kopuru txikietatik abiatzen denean ezer gutxitan gelditzen da. Zertaz ari garen ulertzeko, adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek 2014an 154 milioi euro bideratu zuten euskararen sustapenera. UPN eta PSNrekin larri ibili da beti euskalgintza Nafarroan, onarpen publikorik gabe eta itolarrian, baina azken urte luzeetako egoerak markak hautsi ditu.

Horrexegatik aldaketa politikoa ezinbestekoa zen bizirauteko eta etorri denean, ametsak nafar zeruetako linboan geratu dira. Aurreko egoerarekin erkatuta, Gobernu berriarekin euskaldunak izan du jauzi oso garrantzitsua onarpen eta presentzia publiko eta instituzionalean, baina ez dirutan, eta gobernuko funtzionarioenak nola IKA eta AEK-ko irakasleek eta haien familiek ere, esate baterako, behar dute zer eraman haien ahotara.

Euroa gorabehera, Euskarabideak aurten jasoko dituen 4 milioi eurotik 2,9 milioi erakundeak berak behar ditu bere egiturari eusteko. Geratzen dena hala banatuko da: euskalduntze-alfabetatzea, AEK eta IKA (400.000 €); udalek euskara erabiltzeko eta sustatzeko (300.000 €); euskarazko idatzizko eta on-line hedabideak, eta irratiak (290.000 €).

Nafarroako Gobernuko Komunikazio zerbitzuak 150.000 € bideratuko ditu euskarazko ikus-entzunezkoen produkziora. Beraz, guztira 1.250.000 euro banatuko dira aurten. Asko da 2015ean banatutako 376.000 euroekin edo 2014ko 147.000 euroekin konparatuta. Erabat eskas gutxieneko duintasunera ere iristeko. Deialdia egunotan egitekoa da, eta egina izango da lerrook argia ezagutu orduko.

Aipatu azken zenbaki horiek ikusita, argi da ataka estutik zetorrela euskalgintza Nafarroan. Bere txikian, 2000 eta 2001ekoak izan ziren urterik oparoenak, hortik aurrera gainbehera. 2002an onartu zuen Euskararen Foru Dekretu berria Nafarroako Gobernuak, euskalgintza setio egoeran jarriko zuen XXI. mendeko foru arma. Kontseiluak plazaratutako datuetan, adibidez, 2009ko aurrekontuetatik 3,1 milioi euro jaso zituen Euskarabideak eta 2,3 milioi 2012an. UPNren bakardadearen ondorioz, hurrengo hiru urteetakoak aurrekontu luzatuak izan ziren, baina Euskarabiderako dirua 2,1 milioira jaitsi zen.

Legeen gainetik Barcina, beharren azpitik Barkos

Herritarren ulermenerako ulergaitzak direnak gertatzen ziren UPNren azken urteetan. Esaterako, euskalduntze-alfabetatzeak 2013, 2014 eta 2015ean 245.000 euro zituen jasotzeko aurrekontuetan, baina inoiz ez zituen patrikaratu. “Bai, arazo teknikoak ditugu” erantzuten zien UPNko ordezkari Alberto Catalanek IKA eta AEK-ko ordezkariei. Baina dirua ez zen iristen eta hurrengoan Euskarabideko zuzendariak adieraziko zien ea “mugitu zezaketen piska bat Legebiltzarra”… Kontua da euskalduntze-alfabetatzerako dirua beste gauza batzuetan gastatuta alde egin zuela Yolanda Barcinak Nafarroako Gobernutik. Uxue Barkosen gobernu berriak 131.000 euro bildu zituen azkenean 2015aren amaierarako euskalduntze-alfabetatzerako. AEK-k eta IKAk 600.000 eskatzen diote Gobernuari, hiru urte haietan jaso ez zutena.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak kritika gogorra egin die aurtengo aurrekontuei, bere ustez egokiak izateko Nafarroako aurrekontu orokorren %2 gainditu beharko lukete. Egungo kopuruak oso urruti daude langa horretatik: 2014koa 0,05ekoa izan zen, 2015ekoa 0,06koa eta 2016koa 0,1ekoa.

Euskalgintzaren ikuspegitik, beraz, 8 milioi euroko aurrekontua beharko luke 2017an Euskarabideak euskarak behar dituen gutxienekoei duintasunez heltzeko. Nafarroako euskalduntze-alfabetatzetik dagoeneko adierazi diote Euskarabideari 2017rako 2,2 milioi euro beharko dituztela. Hizkuntzei bideratutako sosetan badira irensgaitzak diren zenbakiak Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan, Kontseiluak 2015aren amaieran egindako txostenean aipatzen da horietako bat: Hezkuntza Konstseilaritzako diru banaketetan, “Euskara Saila”ri 477.837 esleitzen zaion bitartean, “ingelesa eta atzerriko hizkuntzetara” –ingelesa ez da atzerriko hizkuntza, antza– 525.040 euro bideratzen dira.

Bitxikerien artean dago, halaber, Nafarroako idatzizko hedabide eta irratiei gertatuko zaiena. Orain arte Eusko Jaurlaritzatik jaso izan dute diru-laguntza, baina 2016rako honek ez ditu diruz lagunduko, Nafarroako Gobernuak bereak banatuko dituelako. Azken honetatik jasoko duten diru kopurua (300.000 €), aldiz, Eusko Jaurlaritzatik orain arte jasotakoa baino txikiagoa izango da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!